argia.eus
INPRIMATU
«Agian % 100ek botoa emango balu demokrazia apurtuko litzateke»
Aitziber Yarza 1993ko maiatzaren 23a
Jose Manuel Matari elkarrizketa hauteskundeei buruz
«Agian % 100ek botoa emango balu demokrazia apurtuko litzateke»
Jose Manuel Mata, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea:
Zientzia Politikoetako sailean aritzen den EHUko irakasle honekin hauteskunde guztietan ematen den abstentzioari buruz aritu gara. Hauteskunde askotan gehiengoa lortu ohi duen abstentzioari garrantzia kendu nahi izaten diete politikariek, baina guztiak larritzen ditu. Oso gutxi aztertua izan den gai honek aurpegi ugari ditu.
ARGIA. Botoa ematen ez duenak ez al du politikoki parte hartzen?
J.M. MATA. Abstentzioa eta partehartze politikoa ez nahastea oso garrantzitsua da, pertsona bat abstenitu baitaiteke, eta politikoki parte hartu. Hauteskundeak mitifikatu egin dira eta demokraziaren paradigma bihurtu direla dirudi, hortaz, hauteskundeetan botoa ematen ez duena herritar txarra dela ondorioztatzen da. Hauteskundeak garrantzitsuak dira, baina partehartze politikoa ere beharrezkoa da. Hala ere, egia da beste era bateko partehartze politikoa ezin dela ordezko kontsideratu, demokrazia hauteskundeen bidez neurtzen baita beti.
A. Zer dela eta izaten da abstentzioa?
J.M.M. Arrazoi ugari daude, eta pertsona bakoitzak iritzi bat izan dezake. Arrazoi teknikoak daude, erroldaren ingurukoak, baita geografikoak ere. Hauteskunde motak ere eragina du; ez dira gauza bera udal hauteskundeak edo Europako legebiltzarrerakoak. Instituzioak ulertzeko moduak ere badu zeresanik: instituzioek ez dutela ezertarako balio pentsatzen bada, abstentzioa handitu egiten da. Abstentzio politiko aktiboa ere badago. Abaguneari dagozkion arrazoiez gain, arrazoi orokorrak ere badaude. Presio gurutzatuak ematen dira eta ondorioz, jendeak ez daki nori eman botoa, eta azkenik abstentzioaren bidea hartzen du. Pasibitatea ematen da hauteskundeen aurrean.
A. Abstentzioaren alderik ezezagunenak bere ondorioak direla esan ohi da. Zeintzuk izan daitezke ondorioak?
J.M.M. Bertsio ezberdinak eta nolabait kontrajarriak daude. Zenbait ikerleren ustez, abstentzioak demokraziaren higigaiztasuna dakar, eta askotan gizartearen birrinketa ere. Jendeak ez du hauteskundeetan parte hartzen, ez du uste hauteskundeen ondorioz gertatzen dena kontuan hartu behar dutenik; horregatik, jendea politikatik urrunduz doa. Ezertarako balio ez duen demokrazia sor daiteke, betikoak mantentzeko besterik balio ez duena. Baina beste batzuek diotenez, abstentzioa beharrezkoa da. Abstentzio kopuruak ez du egonkortasun eza adierazten, egonkortasuna baizik. Pertsona hauen ustez, jende guztiak botoa emango balu orduan mugimendu autoritarioak sortuko lirateke. Mugimendu autoritarioek, historian zehar, botoa ematen ez duen kolektiboko jendea erakarri izan dute. Garai batean, abstentzioaren bidez gustura ez zeudela adierazten zuten; orain mugimendu autoritario bati botoa emanez adierazten dute.
A. Zure ustez, bi teoria hauetatik zein da egokiena?
J.M.M. Uste dut biek ere badutela arrazoi zati bat. Abstentzioa etengabe igotzen badoa, demokrazia apurtu daiteke. Baina uste dut, halaber, % 100ek botoa emango balu demokrazia apurtuko litzatekeela. Zenbakiak ikusita egokiena denek botatzea litzateke, baina jende horrek sistema demokratikoa apurtzeko ematen badu botoa, arriskutsua izan daiteke.
A. Norentzat da onuragarria abstentzioa?
J.M.M. Politikoki mobilizatuagoak daudenen aldekoa da. Normalean Euskal Herrian alderdi abertzaleentzat izaten da onuragarria, politikoki mobilizatuagoak daudelako. Gauza politikoak asko dramatizatu dira herri honetan. Hau horrela izanik isiltasunaren espiralak funtzionatzen du. Pertsona batzuek, gutxiengo diren taldeetakoak direlako, garrantzitsuak ez direlako, abstentziorako bidea hartzen dute. Hau da, adibidez, PSOE edo PPko kideekin hemen gertatzen dena. Hautesle abertzalea, berriz, leialagoa da eta botoa emateko jarrera du. Baina ez dakit hauteskunde hauetan honek indarrik izango ote duen.
A. Abstentzioren aurka egiten diren kanpainek zerbaitetarako balio al dute?
J.M.M. Kanpainek ez dute balio jendeak aurretik zuen iritzia aldatzeko. Gai batzuk beste batzuk baino gehiago aipatzeko balio dute, beste gai batzuk ahantzaraziz. Oroitarazteko eta defenditzeko balio dute.
A. Zer eragin dute inkestek?
J.M.M. Inkestek iritzi publikoak nola funtzionatzen duen ikusteko balio dute, baina iritzi publikoa hori baino askoz gehiago da. Sondeoak iritzi publikoaren neurria dira. Hauteskundeen kasuan, inkestek estrategiak definitu eta aldatzeko balio dute. Hauteskundeetan erabili beharreko taktika inkesten arabera eratzen da. Propagandarako ere balio du, eta talde bakoitzak interesatzen zaizkion datuak hartzen ditu.
A. Azken aldian amerikar erako kanpaina nagusituz doala dirudi, eta telebistako eztabaidek gero eta garrantzi handiagoa dutela.
J.M.M. Egia da komunikabideek eragin handia dutela, eta batez ere telebistak. Hauteskunde hauek telebistaren hauteskundeak dira, eta hau arriskutsua da. Jendeak aukera egin ondoren bildu arren informazioa, informazio gutxi edukitzea oso arriskutsua izan daiteke. Telebistak oso erreferentzia konkretuak eta deigarriak hartzen ditu, arazoaren barnean sartu gabe. Eztabaida ona da, baina hauek irudia besterik ez dira.
A. Gaur egun sistema demokratikoa nola gauzatu den ikusita, sistemarekin ados ez dagoen pertsona batentzat zein izango litzateke jarrerarik egokiena?
J.M.M. Abstentzioa, inolako zalantzarik gabe. Oso ezberdina baita alderdi bati botoa eman eta gero hauteskundeek ez dutela ezertarako balio esatea, edo hauteskundeetan ez parte hartzea. Botoa batzuetan indar adierazle bezala erabiltzen da, baina hauteskundeetan parte hartzen den momentutik denek ordezkaritza moduan hartuko dute, ez indar bezala. Gehien borrokatzen denak ez du eskubide gehiago, eskubide bera du: botoaren ekintza. Hala ere, partehartze politikoak garrantzi handia du sistema politikoari bultzada emateko.
Aitziber Yarza
8-9

GaiezPolitikaEuskal HerrBozketakHauteskunBesteak
PertsonaiazMATA1
EgileezYARZA1Politika