Endika Garairi elkarrizketa euskarari buruz
«Ezin zaituzte erdaraz hitz egitera behartu»
Endika Garai, Bizkaiko Abokatu Bazkuneko Euskara Batzordeko idazkaria:
ARGIA. Justizia arloan bermatzen al da euskaldunok harreman guztia euskaraz izateko eskubidea?
ENDIKA GARAI. Ez. Guk euskaldunak izateko eskubidea justiziara modu aktiboan joaten garenean bakarrik dugu, baina ez pasiboan. Esate baterako, zuri zerbaiterako erdara hutsez deitzen baldin badizute, haiek lege aldetik zuzen ari dira. Praktikan gertatzen dena da guk tramitazio guztia euskaraz egiten dugula eta erantzunak erdaraz iristea. Legeak horrelako portaerak babesten ditu.
A. EHEk jasotako hainbat salaketa Ertzaintzari dagozkio. Horrelako kasuetan zein bide har daiteke erantzukizuna eskatzeko?
E.G. Zuk ikusten baldin baduzu euskaraz hitz egiteagatik luzeago egon zarela edota bestelako arazoak izan dituzula, zure funtsezko eskubideak zapalduak izan direla sala dezakezu. Konstituzioaren 14. garren artikuluaren babesean baliteke bide horretatik segitzea. Zu ezin zaituzte erdaraz hitz egitera behartu. Kasu horretan, hizkuntz eskubide horiek ukatzeagatik zure ondarean edota zure interesetan kalteak pairatu dituzula erakusterik baldin baduzu aurrera segitu dezakezu. Denbora galdu duzula, lana, dirua... edota beste kalte batzuk pairatu dituzula erakutsiz. Baina oso bide zaila da. Oso zaila, halaber, euskaraz egin ez zaizulako kalte materialik izan duzunik frogatzea. Bestalde, Administrazio batera baldin bazoaz eta ez badizute euskaraz erantzuten eta ez badizute itzultzailerik jartzen... beste hainbeste.
A. Euskara erabiltzeko eskubidea ez errespetatzeagatik sartu duzuen kasuren bat aipa egidazu.
E.G. Une honetan Eusko Jaurlaritzako Bizkaiko Lurraldeko Nekazaritzarako Erakundeko sail baten kontra sartua dugu kausa. Arazo zibil bat medio, guk tramitazio guztia euskaraz sartu dugu, eta Administrazioak itzulpena eskatu zuen. Hori zela eta, funtsezko eskubideen babeserako prozedura berezia sartu genuen, eta berehala euskarazko itzulpena egiten hasi ziren. Baina guk nahi duguna da onar dezaten funtsezko eskubide bati uko egin diotela. Orain hizkuntz eskubideei heldu diegu, administrazioaren defentsaren jarrera hizkuntz eskubideei dagokienez erabat euskararen kontra joan baita.
Alberto Irazu
33