argia.eus
INPRIMATU
«Loragintzarako leku ona da hau»
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 1993ko apirilaren 04a
Joxe Landa INEKOko zuzendariari elkarrizketa
«Loragintzarako leku ona da hau»
Joxe Landa, INEKOko zuzendaria
Nekazarientzako horniduretan ezaguna den Itziarko Nekazari Kooperatibako zuzendaria da Joxe Landa, eta INEKO eta beste seiren artean antolatu duten SAKE elkarteko bultzagilea.
ARGIA. Nola daude baserriak, hornitzaile baten begietatik ikusita?
JOXE LANDA. Ezaguera dudanetik ikusi dut krisia. Baserriak hustutzea krisiaren seinalea da, eta mutil koskorra nintzenean ere hustutzen ziren, gerra aurretik ere bai. Gaur ekonomian orokorrean dagoen hein berean dago krisia nekazaritzan. Une grabeagoa izan zen _ez dakit baserritarrari begiratuta, baserriari begiratuta bai_ 60ko hamarkadan. Duela hamar urte gaur baino itxaropentsuago zegoen laboraria: abeltzaintzan esfortzu handia egin zen, ganaduak etorkizuna zeukalakoan. Orain bazterra jota bezala gaude: gehiago produzitzea ez da komeni, eta hori sekula ez da hemen ezagutu, psikologikoki ere oso etsipengarria da. «Guk egiten ez badugu nork egingo du janaria?» esaten zen lehen, eta gaur aldiz laboraria etsita dago.
A. Esola hori gainditzekotan, noruntz aurreratu daiteke laborantza?
J.L. Baserria bizileku moduan ari da garrantzia hartzen, eta horrek beste ezaugarri batzuk ditu berekin. Baserriaren beste ezaugarri bat beti gauza askoren bilduma izatea izan da, baina gero monolaborea etorri zen, askotan esnetara bakarrik dedikatzea. Gaur berriro nekazaria gauza txiki askori begira ari da. Eta hau gizartearen beharra ere bada. Etorkizunean produkzio askori heldu beharko die gure baserriak.
A. Baserriak bizileku edo denborapasa moduan izan dezakeena utzita, zein izan da ganadugintzaren eta barazkien egoera?
J.L. Ganadua hazteak beti izango du leku bat. Une honetan haragitarako joera dago, nahiko utzia egon da eta datozen urteotan gehitu egingo da, beste puntu batean finkatu arte. Nahiko zaila ikusten dut «makro» mailako produkzio handietan ibiltzea, produkzio berezi eta kalitatezkoetatik jo behar da. Barazkietan eraso handia dago kanpotik, baina lekukotasuna zainduz lan asko egin daiteke oraindik. Loragintzarako leku ona izan daiteke hau.
A. Zuena bezalako kooperatibek zer lortu duzue urteotan?
J.L. Hasiera batean oso inportanteak izan ziren, baserriaren aurrerapenean bultzatzaile izan gara. Eta behar bada ez gara behar hainbat eguneratu. Baina aurrera begira etorkizun handia daukate, aipatu produkzio ttikiek eta baserriek bizileku gisa duten erakargarritasunak behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko. Garai batean uste zen kooperatibek ezereztuko zutela beste bitartekari komertzialek jaten zutena, baina gaur ikusten da hortik gauza gutxi dagoela.
A. SAKE elkartearen barruan, zein izango dira hurrengo urratsak?
J.L. Zazpi kooperatiba handik _txikiak kontatuta hogeiren batek_ osatzen dugu SAKE, guztion artean 5.000 milioi pezeta salduko ditugularik. Eskaintza eta zerbitzua hobetzea da gure lehentasuna, bi mailatan. Batetik, ganaduarentzako janariaren banaketa sarea, eta bestetik baserri ingururako beste hornidura guztien komertzializazioa hobetu, konpetentzia maila handituz, denda sarea modernotuz. Fruituak ikusten hasi dira.
Pello Zubiria
23

GaiezEkonomiaLehen sektoNekazaritza
GaiezEkonomiaKooperatibaKooperatiba
PertsonaiazLANDA9
EgileezUBIRIA2Ekonomia