argia.eus
INPRIMATU
Infernuko hauspoaren haize gazteak
1993ko martxoaren 28a
Maixa eta Itziar eta Geonaga anaiek diskoa kaleratu dute elkarrekin
Infernuko hauspoaren haize gazteak
Kalean da Maixa eta Itziar eta Goenaga anai-arreben kantuez osaturiko diskoa
Trikitixa lantzen duten bi bikote gazte hauek disko berria kaleratu dute Elkarren eskutik. Maixa eta Itziarrek alde bat bete dute eta Goenaga anai-arrebek bestea. Zizurkil eta Altzo-Andoaingo bikote hauek azken urteetan modan jarri den mundu honetara haize berriak ekarri nahi dituzte.
IKER eta Larraitz Goenaga zizurkildarrak dira. Maixa Lizarribar altzoarra eta Itziar Oreja andoaindarra. Beraien arteko ezagutza Billabonako trikitixa eskolan izan zen, Martinen eskola ospetsuan. Elkar konpainiako Joxe Mari Goikoetxeak proposatu zien disko bat grabatzea eta denbora pixka bat horretan aritu ondoren, kalean dago jadanik bikote hauen lehen lana. Denbora luze iruditu arren, azkenean, grabaketa geletan sartuta egun gutxi batzuk izan direla konturatu dira.
(r)Duela bederatzi urte hasi nintzen infernuko hauspoarekin, eta Itziarrekin batera jotzen bost urte beteko ditugu aurten», esan digu Maixak. Ikerrek berriz, hamar urte bete ditu mundu honetan eta arrebarekin jadanik sei urte daramatza herriz herri eta plazaz plaza.
Bi soinujoleak irakaskuntza dute lanbidetzat, saioetatik at noski. Maixak Gasteizen, Arrasaten eta Altzoko bere etxean jarduten du. Musika tresna honek Gasteizen lortu duen arrakasta ezaguna da. (r)Folklore udal akademian aritzen naiz. Nik 70 bat ikasle ditut, 8 urtetik hasi eta 67 urte bitarte. Azken hau jubilatuta dago eta beste zereginik ez duela esaten du», kontatu digu altzoarrak. Iker Goenagak, bestalde, leku askotan ditu trikiti ikasleak. Zerrenda botatzeko ere pentsatu egin behar du. Leitza, Berastegi, Amezketa eta Lasarten aritzen da.
Estilo ugari bildu
Leku hauetan bere irakaslea izan zen Martinekin batera jarduten du Goenagak.
(r)Guztira 150 ikasle izango ditugu, zazpi urtekoa gazteena eta zaharrena berrogei urte ingurukoa», zehaztu digu Ikerrek.
Diskoa grabatzeko proposamena jaso ondoren, bikote bakoitzak sei kantu prestatu zituen diskoaren alde bakoitza betetzeko. Iker eta Larraitzek trikitixa, porrusalda, fandangoa, arin-arina, rock eta rap doinuko abestiak bildu dituzte.
(r)Abesti guztiak nik egindakoak dira. Hitzak, berriz, Jon Sarasua bertsolariak eta Joxean Ormazabal idazleak egin dituzte», argitu digu Ikerrek.
Maixa eta Itziarrek trikitixa, porrusalda, arin-arina, balsa eta bossanova estiloez gain, country kutsua duen kantu bat ere landu dute lan honetan. Lehen laurak soinujole altzoarrak konposatutakoak, eta azken biak kanpotarrak omen dira. Hitzak, kasu honetan, beraiek egin dituzte, Karlos Subijana bere lagunak egindako bat ezik.
Beraiek sortu zituzten pieza berriak disko hau iritsi arte gordetzen saiatu dira bi bikoteak. Goenaga anaiek, behin bakarrik, Euskal Telebistako `Arin arin' programan, jotako hiru pieza jaso dituzte lan berri honetan.
Pieza berrien gaia atera denez, Euskadi Irratiak antolatuta burutu berri den lehiaketaz hitz egin dugu Maixa eta Ikerrekin. Ez dira oso lehiaketazaleak. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian parte hartu eta finalera iritsi ziren bi bikote hauek eta horrela ezagutzera eman zirela onartu arren, ez dira txapelketaren aldekoak. Pieza berrien lehiaketan bi aldiz aurkeztu da Iker Goenaga eta lehenengoan finalera iritsi zen. (r)Piezak ez dira ezagutzera ematen. Lehiaketa horrek dakarrena pentsatzen jarri nintzen eta gehiago ez aurkeztea erabaki nuen», esan digu zizurkildarrak. (r)Aurten ere paperak bidali zizkidaten, baina baldintza berak ikusi ditut», erantsi digu.
Ohiturazaleek gazteei leporatzen dieten akatsetako bat pieza dantzaezinak egitea da. (r)Ni nire piezekin dantzan hasten naizenean, konturatzen naiz noiz eman behar dudan buelta. Edozein instrumenturekin berrikuntzak egiten badira jende guztiak onartu egiten ditu, eta trikitiarekin ez», erantzun digu Maixa Lizarribarrek. Iker ere iritzi berekoa da. (r)Nire abesti gehienak dantzarako neurtuta daude, baina jotzeko era aldatu da. Hala ere, neurria ongi dago», dio soinua jotzen duen Iker Goenagak.
Esperientzia polita izan da grabaketa bi bikote gazte hauentzat, eta lan hau jendearen gustukoa izatea besterik ez da falta.
Joxemi Saizar
42-43



GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakMAIXA ETA I
EgileezSAIZAR2Kultura