argia.eus
INPRIMATU
Jose Felipe Auzmendi: «ETBk apustu segurua egin du lehiaketa berri honekin»
2021eko uztailaren 19a
Jose Felipe Auzmendiri elkarrizketa
Jose Felipe Auzmendi: «ETBk apustu segurua egin du lehiaketa berri honekin»

Ezaguna egiten ari da azken urte honetan J.F. Auzmendi aurkezlea. Badirudi bizitasun berezia ematen ari zaiola orain arte kaskar samar egiten ari ziren lehiaketa saioei. Horretaz eta azken programaz, «Gezurra Nagusi»z, mintzatu gara berarekin.
ARGIA. Ohitzen ari zara lehiaketa saioak aurkezten. Gustuz al da?
JOSE FELIPE AUZMENDI. Hau hirugarrena da. «Txandaka» aurkezteko aukera eman zidaten; udan berriro deitu zidaten, bikoizpen enpresa batetik joatekotan nengoela. Atzerrira jotzeko asmotan nengoen urte betez baina... Ez nuen gogo handiegirik berriro lehiaketa batekin hasteko, baina «La Trinca»k ekoizten zuenez, maila handiagokoa izango zela pentsatu nuen.
A. Aurrekoak zapore onik utzi ez?
J.F.A. Bat-batean sortu zen, ustekabean, ni off-eko ahotsa egitekoa nintzelako. Ekoizpen aldetik ez zen horren ona. Oraingoa hobea da, landuagoa, Ingalaterran, Bartzelonan eta Valentzian egina. Oso profesionalak dira langileak.
A. Edozeinek ez du balio aurkezle paper garrantzitsu horretarako.
J.F.A. Nire ustez ez da horrela, aurkezlearen presentzia minimoa behar duelako; hala ez bada, konkurtsoa txarra denaren seinale. Garrantzitsuena gidoia ona izatea, piperra izatea, lehiakide egokiak aukeratzea. Arbitro baten lana behar da bete.
A. Baina batzuetan beharrezkoa da zure partaidetza.
J.F.A. Nik ez dut hala nahi, baina gertatu ohi da, euskaldunok kanpoan berritsu gara, baina kamara aurrean zeharo aldatzen gara.
A. Zer da nagusi «Gezurra nagusi»n?
J.F.A. Ondo pasatzeko lehiaketa da, etxera nekaturik itzuli eta atentzio handirik eskatzen ez duen programa beharrean, ikusleak aktibo izan behar du, eta bere etxean erantzuten saiatu. Programa klasikora bueltatzea da.
A. ETBk jaso du kritikarik bere lehiaketen maila dela eta.
J.F.A. «Kalejira»k izan du arrakastarik handiena eta hau ere oso egokia da. Baina telebista horren tresna konplikatua denez, askotan ez da astirik gelditzen gatza eta piperra duten galderak prestatzeko. Itzulpenak, azken orduko asmakizunak... baina ondo bideratzen hasiak gara eta badirudi hemendik aurrera oraindik ere maila altuagoa izango duela. Espero dezagun.
A. Zenbat gezur esan dituzu elkarrizketa honetan?
J.F.A. Gezurrik ez, ez daukat ohitura handirik, eta horregatik nabil ni trakets.
J.J. Petrikorena
63

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazAUZMENDI3
EgileezPETRIKOREN1Komunikabid