argia.eus
INPRIMATU
«Europa zaharkituta dago, horregatik da protekzionista»
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 19a
Iñigo Garaialde IKEI-ko ekonomilariari elkarrizketa
«Europa zaharkituta dago, horregatik da protekzionista»
Iñigo Garaialde, IKEI-ko ekonomilaria
Hamalau urte daramatza Ikerketarako Euskal Institutuan Iñigo Garaialde ekonomilariak. Makroekonomia alorrean ari da 45 urteko donostiar hau, eredu ekonomikoetan espezialdua. ARGIA. Dioten bezain sakona al da gainean dugun krisia?
IÑIGO GARAIALDE. Egitura krisi bat dago 70eko hamarkadatik. Mundu gerraz geroztik 30 urtez luzatu zen hazkunde handiko prozesua _ia langabeziarik gabe, kapitala guztiz berritzen, Europaren bateratzea eraikitzen_ 73an eten zen. Lehen ere baziren mugimendu ziklikoak, baina oraingoak beti langabezia handiarekin, konpetitibitate posizio kaskar batekin, finantz arazo handiekin, gertatzen dira. Egitura krisian daramatzagun 15 urteotan eta orain egoera txar baten zuloan gaude.
A. Zer da oraingoa: atzerapena, estankamendua, zero hazkunderantz goazela...?
I.G. Pazifiko alderantz begiratuta _Tailandia, Singapur, Taiwan, eta abarretara_, hazkundean daude azken hogei urteotan, Europa konpetentzia galtzen ari den heinean han potentzia bihurtzen ari dira. Europa estankamendu egoeran dago, eta argiena langabezia zifretan ikusten da. Europan gainera atzeranzko fase batean gaude, eta une batzuetan hazkunde negatiboa ere gerta daiteke.
A. Zer gertatzen zaio Europari?
I.G. Europako aparatua zaharkituta dago: teknologia, industria kultura, kudeatze metodoak, agenteen papera... beste sistema batzuen aldean atzera geratu da. Horrek azaltzen du gure protekzionismoa, GATTeko negoziaketetan ikusi den moduan: gu ez gara besteen merkatuetan sartzeko gai eta ez daitezela besteak gurean sartu.
A. Txinan hazkundea iaz % 17koa izan omen zen, gizadiaren laurden batena alegia.
I.G. Txina Pazifikoko hazkunde uhinean doa, eta Afrika, aldiz, zulorik beltzenean murgildu da. Dena dela, egia da munduko sistema bera dagoela krisian: gauzak egiteko moduak zein horien egileak aldatzen ari dira. Multinazionalizazioa fenomeno funtsezko bat da gaur. Estatua bera aldatzen ari da. Lehen dena estatu barnean egiten zen, eta orain estatutik kanpo. Lehen krisialdiak ekonomia errealarekin oso loturik zeuden; gaur finantz mugimenduak mugaezinak dituzu, agenteak multinazioanalak direlako, kapitalak asko mugi daitezkeelako, eta kapital metaketak askoz handiagoak direlako. Gaur holding-ek lehengo estatu batek zuen indarra dute. Ia produktu guztietan dozena erdi bat ekoizleek kontrolatzen dute merkatua. Eta hori egoera berria da.
Pello Zubiria
23-27

GaiezEkonomiaBesteak
PertsonaiazGARAIALDE2
EgileezUBIRIA2Ekonomia