Irati Irratiko Mikel Zalbari elkarrizketa
Mikel Zalba: «Menditarra izatearen kontzientzia piztu nahi dugu»
Nafarroako Aribe herrian dago kokaturik jaio berria den Irati irratia. Irrati honen hasierako proiektua Nafarroako mendialde osorako izan arren, oraingoz Aezkoa, Erroibar eta Artzibarreko Olaldetan entzuten da. Mikel Zalba bertako lankidea mintzatu zaigu.
ARGIA. Zer da Irati Irratia?
MIKEL ZALBA. Ideia Aezkoako Batzarretik sortu ondoren, euskaltzale lagun talde batek eraman zuen aurrera. Udal irrati hau sortzeko tramiteak aipatutako batzarrak egin ditu, baina une honetan lizentziarik gabe gaude Nafarroako Gobernuak otsailean atera zuen normatibaren ondorioz. Oraingoz irratia Aezkoako bederatzi herrietan entzuten da, baita Erroibar eta Artzibarreko Olaldetan ere. Irratiaren atzean Irati Kultur Elkartea dago eta bazkideen kuotak jasotzen ditugu. Dena den, irratiak izan dezakeen zuloa Aezkoako Batzarrak ordainduko du, baina ahal den neurriko buru-askitasuna lortzeko asmoa eta konpromezua dugu. Arriskutsua baita alda daitekeen Batzar batekiko menpekotasuna.
A. Zeintzuk dira bete nahi dituen helburuak?
M.Z. Nekazari eta abeltzainei beharrezkoa duten informazioa ematea, euskara suspertzea eta oro har egoera txarrean dagoen eskualde hau dinamizatzea. Irratia zonaldea ekonomikoki gaizki dagoen garai batean hasi da. Krisi hau arlo guztietara zabaltzen da: sozialki ez dago mugimendurik; kultura aldetik ezer gutxi; turismoa ari da sartzen, baina ez da nahikoa. Irratia eskualdea garatzeko bertako Batzarrak eskatuta egin den planaren barnean dago. Bertako jendea egoeraz jabetzea nahi dugu eta egoera horri aurre egiteko nahia piztu.
A. Zein da oraingoz eskaintzen duzuen programazioa?
M.Z. Irrati elebiduna da, nahiz eta ardatz nagusia euskara izan. Oraindik finkatu gabe dugu programazioa, baina une honetan 12etan hasi eta 14,30ak arte emititzen dugu. Nazioarteko albistegi orokor bat sartzen dugu, informazio lokalari ematen diogun tratamendu bereziarekin batera. Aezkoa munduko zati bat da, eta pentsatzen dugu nazioarteko berriak euskaraz ematea garrantzitsua dela. Bi albistegi hauetaz gain, herriz herri kronikatxo bat egiten dugu, egunero ez bada, 2 edo 3 egunean behin. Eta oraingoz, entzuleak erakartzeko dedikatoriak eta antzekoak jasotzen dituen musika saio bat.
Ixiar Rozas
63