Joseba Tapia: «Jendea asper dadin bultzatzen dute bai txapelketa nagusiek, bai horrelako saiaketek»
1993ko martxoaren 14a
Joseba Tapiari elkarrizketa
Joseba Tapia: «Jendea asper dadin bultzatzen dute bai txapelketa nagusiek, bai horrelako saiaketek»
ARGIA. Zein da zure iritzia Trikiti Pieza Berrien Lehiaketaren inguruan?
JOSEBA TAPIA.
Lehiaketa hau Txapelketa Nagusiko hutsune berdinetan oinarriturik dago. Pieza berrien txapelketa da baina Nagusiko definizio indefinitu horiekin. Sortu zenean antolatzaileek ez zekiten ziur esaten piezek nolakoak izan behar zuten. Ez zuten nahi ez modernoegiak ez tradizionalegiak izatea. Aurkezten diren trikitilariek ere ez dakite zehatz zer egin behar duten, eta pieza guztiak berdintsuak dira.
Bere garaian aipatu nuen guzti horrek ezer onik ez zekarrela, nahastea areagotzen zuelako. Irizpideak ez daude batere garbi. Bai txapelketa nagusiek bai horrelako saiaketek jendea asper dadin bultzatzen dute.
Promozio arloan txapelketek galdu dute bere balioa. Pieza berdintsuak sortzen dira, irabazleak ere berdintsuak dira beti, eta hainbeste jende dago eta hain plaza gutxi, ezen gazte batek oso aukera gutxi dauzkan zerbait egiteko.
A. Ez daude oso argi lehiaketa honetan parte hartzeko baldintzak.
J.T. Pieza berriak izatea nahi dute alde batetik, eta bestetik ez dute nahi gauza arrarorik. Orduan, hori ez dela trikitixa esaten dute, eta trikitixak oinarri tradizionaletan behar duela izan. Ez dabiltza tradizioaren atzetik, trikitixa estilo baten atzetik baizik. 1979. urteko txapelketatik 1986ra bitarteko estiloa nahi dute berreskuratu, nire ustez. Garai horretan trikitixak arrakasta handia izan zuen, eta bariazioak oso ulerterrezak, oso biziak eta erakargarriak sortu ziren.
A. Zein bide egon daitezke, gaur egun, trikitixa bultzatzeko?
J.T. Oso komunikazio gutxi dago gure artean. Orduan, ia ezinezkoa da lan bateratua egitea. Orain, txapelketez aparte, diskoak edo maketak grabatzen dira. Beste bidea zuzenean jotzea da.
Joxi Goikoetxea
47