argia.eus
INPRIMATU
«87-88ko prezioetan ari gara, eta kobraketak asko atzeratuta»
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 1993ko martxoaren 14a
Antonio Sukia, Construcciones Suquiako nagusiari elkarrizketa
«87-88ko prezioetan ari gara, eta kobraketak asko atzeratuta»
Antonio Sukia, Construcciones Suquiako nagusia
Gipuzkoako Zaldibian jaioa, artzain familiakoa, bere izena daraman enpresako nagusia da eta Andoain-Irurtzun autobidea eraikitzen ari den Utelan-Berriko partaide. Mur-EBAL patentearekin, hormigoi prefabrikatua da gaur bere lantegiaren oinarria.
ARGIA. Zein da zure enpresak azken hiru urteotan eraman duen eboluzioa?
ANTONIO SUKIA. 1990 eta 91 urte onak izan ziren, produkzioa gehitu genuen eta prezioek igoera logiko bat egin zuten. Iazkoa berriz oso txarra izan da: bai fakturazioa bai saldutako bolumena ia erdira jaitsi dira, eta prezioak txartu egin dira. Estatuak obra asko atzeratu egin ditu eta gainera enkanteak ere gutxitu. Konkurrentzia asko igo da eta esleipen urri horiek prezio kaskarragoetan egin dira. Hirugarren arazo bat kobraketarena da: lehen 120 egunera ordaintzen ziguten enpresek orain 180 egunera ordaintzea exigitzen digute, eta azkenean 200 egunera goaz, horrek dakartzan finantzaketa arazoekin. Estatuak eraikuntza enpresa handiei 700.000 milioi pezeta zor dizkie, eta azkenean horrek gu harrapatzen gaitu.
A. Ia laurden bat egin diogun 93 honetan zer?
A.S. Perspektiba ilunagoak, zeren eta 92an 120 egunera kobratzea lortzen zen, eta aurtendik aurrera hori galduta dago. Prezioek ere okertzen segituko dute eta salmentak apal mantenduko dira. Gaurko prezioak 87-88ko prezioak dira, eta pentsa kostuak zenbat igo diren. Espero dugu 94a urte hobea izango dela. Europarekin errepide gaietan hartutako konpromezu asko oraindik eraiki gabe daude, eta Estatuak obra publikoari berriro ekin beharko dio, industriaren motorea delako. Baina aurtengo helburua bizirik irautea da.
A. Hormigoi prefabrikatuaren alorrean multinazionalak nagusitu dira. Nola konpeti dezakezue?
A.S. Multinazionalek merkatua menderatzen dutelako dira nagusi, kontzentrazio ekonomiko bidez, prezioetan eta eraginez, ez teknologiaz aurreratuagoak daudelako. Baina mina ez digute horiek egiten, kalitate eta zerbitzu hobea eskaintzen dugulako. Guri mina edozeinek antola dezakeen suzedaneo enpresak egiten digu: egoera zail honetan tentazio bat da guk dugun eredu patentatua bezalako bat kopiatu eta inguruetan saltzen hastea. Hormigoi prefabrikatuaren buruhauste nagusia garraioa baita. Legeriak huts egiten du honetan, eta Frantzian, Holandan edo Italian gure patenteari kopiarik atera ez zaion bezala Espainian hori posible da.
A. Hormigoi prefabrikatugileen Espainiako lehendakariak kalitatea ipintzen zuen arazo nagusitzat.
A.S. Gure enpresan kalitatea ez da prolema, `erabateko kalitate' programa batean ari gara, ongi informatizatuta gaude eta hobetzera goaz... Arazo nagusia aipatu dizudan ekonomikoa da. Merkatua mugitzen hasten bada faktore guztiak mugituko dira, eta hala ere krisi honek 180 eguneko kobraketaren arrastoa utziko digu luzerako. Baina gaur bizirik irautea da helburua, bestela kalitateak alferrik baitira.
Pello Zubiria
23

GaiezEkonomiaIndustriaEraikuntza
PertsonaiazSUKIA2
EgileezUBIRIA2Ekonomia