argia.eus
INPRIMATU
«Euskal nekazariek elkarte profesionaletan bildu beharko lukete»
1993ko martxoaren 07a
Antton Perez Calleja ekonomilariari elkarrizketa, nekazaritzaz
«Euskal nekazariek elkarte profesionaletan bildu beharko lukete»
Antton Perez Calleja, ekonomilaria:
ARGIA. Ekonomista bezala, nola ikusten duzu euskal nekazaritzaren etorkizuna?
A. PEREZ CALLEJA. Kanpoko nekazari produktuen inbasio bat jasango dugu. Alde batetik EK-koak, baina mundu mailako merkatal arrazoiengatik EEBBetatik, Ekialdeko herrietatik eta Hirugarren Mundutik etorriko diren produktuak.
Horrek gero eta prezio baxuagoak eta nazioarte mailako elkartzeak ekarriko ditu. Horren aurrean Euskal Herriak ezin du ezer egin. Gainera, hemengo nekazaritza mendikoa da, eta horrek kostu asko eragiten dizkie nekazariei, prezioetan islatuz.
A. Zertan oinarritu beharko litzateke euskal nekazaritza arazo hauei aurre egiteko?
A.P.C. Merkatu lokala indartu beharko litzateke, merkatu horren eskaria aztertu ondoren ahalik eta ondoen asetzeko. Horretarako, euskal nekazaritzaren estrategia ezin izango litzateke prezioetan oinarritu, kalitatean eta irudi onean baizik.
A. Administrazioak hor zer eginik ere izango du.
A.P.C. Hori da, hain zuzen ere, euskal nekazaritzaren arazoa. Nekazaritza bideratzeko tresna bakarra egun Administrazioa dela. Honek, noski, ez du beharrezkoa den gestio ahalmena.
Oinarritik etorri beharko lirateke nekazaritza bideratzeko tresnak. Nekazariek beraiek batu egin beharko lukete, defentsarako bide bakarra baita. Horrela, elkarte profesionalak sortu beharko lirateke. Elkarte horiei bai Adminstrazioak lagundu beharko diela, baina oinarritik etorri behar du ekimenak. Goitik behera dator egun nekazaritzaren estrategia, ez behetik gora.
A. Zein da sindikatuen zeregina estrategia horren barnean?
A.P.C. Sindikatuen arazoa bikoitza da: ez zaizkie elkarte profesionalak gustatzen, arerio bezala ikusten baitituzte; bigarrenik, hau estrategia profesionala da, praktikoa, eta herri honetan sindikatuek baldintza politikoegiak dituzte. Gobernuaren aurka egiteaz gain, arazo orokorregiak planteatzen zaizkio Administrazioari, eta hori norberaren ideologien araberakoa da; baina praktikan ez ditu emaitza konkretuak eskaintzen. Hau da EHNEri leporatu izan diodan akatsa.
Gainera, arazoaren ikuspegi ezkorregia dute hemengo sindikatuek. Noski lanpostu asko galduko direla, baina guk erantzun dezakegu. Ezin dugu etsi, eta lurra administratzen dutela esanez funtzionari publikoak bailiren soldata bat eskatu. Ekonomikoki hori ezinezkoa da.
Amagoia Iban
25

GaiezEkonomiaLehen sektoNekazaritza
PertsonaiazPEREZ DE1