argia.eus
INPRIMATU
Arantxa Artola
«Estudio berriarekin batera hasiko gara goizetan emititzen»
2021eko uztailaren 12a
Molotoff irratiko Arantxa Artolari elkarrizketa
Arantxa Artola: «Estudio berriarekin batera hasiko gara goizetan emititzen»

Udan etena izan ondoren, azaroan hasi zen berriro emititzen Molotoff Irratia. Hernaniko irrati libre honek laster estreinatuko du estudio berria eta zabalduko du bere programazio ordutegia. Guzti honetaz hitz egiteko, informatiboetan jarduteaz gain antzerki saio bat egiten duen Arantxa Artolarekin izan gara.

ARGIA. Zer dela eta eten zenuten emisioa udan?

ARANTXA ARTOLA. Irratiko gehienak ikasleak garenez, uztailean programazioa mantentzeko arazoak izaten ditugu oporrak direla eta. Orduan, emisioa etetea erabaki genuen iaz. Batzuetan saio bereziak egin izan ditugu uztailean, bi ordu gutxiago, programazioa arinagoa egiteko asmoz. Baina jendea kanpora joaten denez, uztaila eta abuztuan ez dugu emititzen eta irailean berriro hasten gara, bilerak egiten, saio berriak antolatzen eta jendearekin harremanetan jartzen, gero urrian emisioa martxan jartzeko. Aurten, azaroan hasi gara, estudio berria egiteko obretan egon garenez ezin izan dugulako emititu. Hurrengo hilabetean hasiko gara estudio berrian.

A. Zeintzuk izango dira eskainiko dituzuen gainerako berrikuntzak?

A.A. Estudioaz gain tresnak berriak izango dira, eta guzti honi esker irratia hobeto entzungo dela uste dut. Bestalde, goizean emititzeko asmoa dugu, asteartetik ostiralera, goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu batera. Saio batzuk egin ditugu eta estudio berriarekin batera martxan jarriko dugu goizeko programazioa.
Bi ordu hauek zuzenean egingo ditugu, eta ordu batetik zortziak arte musikaren bidez lotu nahi dugu programazioa. Orain, arratsaldeko zortzietatik gaueko hamabiak arte emititzen dugu astelehenetik ostiralera, lau ordu. Larunbatean ezberdina da: goizean hasten gara arratsaldeko bostak arte. Goizean emititzeko aukerak aztertzen hasteaz gain, programazioari osotasuna eman nahi diogu musikaren bidez.
Bestalde, une honetan ari garen jende bera egongo gara denboraldi berrian. Programa aldetik, goizeko saioak izango dira berrikuntza nagusia, saio berri hauek debateak lantzeko aukera gehiago eskaintzen baitute. Arratsaldeko informatiboetan eztabaidetako zatiak sartuko genituzke.
Joxi Goikoetxea
79

Gaiez\Komunikabid\Irratia\Molotoff
Pertsonaiaz\ARTOLA5
Egileez\GOIKOETXEA7\Komunikabid