argia.eus
INPRIMATU
Juanan Aranburu: « Euskara eta egun osoko emisioa ditugu helburu»
2021eko uztailaren 19a
Plentzia Telebistako Juanan Aranbururi elkarrizketa
Juanan Aranburu: « Euskara eta egun osoko emisioa ditugu helburu»

Plentzia Telebista sei urte betetzear dago bere programazioa emititzen eta, lehen urtetan hainbat eragozpeni aurre egin ondoren, oraintsu emisio berriarekin hasi dira lanean, ordutegia osatu asmoz. Hogei bat lankide amateurrek parte hartzen dute gaur egun, gehienak kazetari ikasle.
ARGIA. Zeintzuk izan dira egin dituzuen aldaketak?
JUANAN ARANBURU. Programazio aldetik, aurreko hamabosteroko emanaldiari eutsi diogu, magazineari, baina beste saio batzuk burutzen hasi gara, astelehenetan herriko kontuen berri euskaraz eman eta asteartez igandeko kirolen berri erdaraz errepikatzea. Gainera, hilean behin herriko agintari, kirolari eta abarrekin zuzeneko emanaldia eskaintzeko konpromezua daukagu.
A. Teknikoki, zeintzuk dira aldaketak?
J.A. Errepikagailu indartsuagoa erosi dugu, Plentzia osoan ikusi ahal izateko. Gainera, gure emanaldiez gain egun osoko emisioa du Plentzia Telebistak, satelitez harturiko saioak ere eskaini egiten baititugu, kalitatez emanak. Bestalde, oraingo egun osoko emanaldi horrek aukera ematen digu edozein unetan eten eta, azken orduko berririk badago, zuzeneko saioa egiteko, lehen denek aldez aurretik prestatuak izaten baitziren.
A. Zein eskaintza da satelite bidezkoa?
J.A. Niri pertsonalki ez zait iruditzen gurea bezalako telebista batek filmeak eman behar dituenik, euskarazkoak ez badira; baina hemen erabakiak asanbladatan hartzen direnez gero, gehiengoaren iritzia nagusitzen da. Eskaintza musika eta kirola izaten da.
A. Zein motatako dirulaguntzak dituzue gaur egun?
J.A. Udalak eta Bizkaiko Diputazioak 150.000 pezetana ematen dizkigute; beraz, urte osoan txosnak jartzen eta oraintsu kaleratu ditugun bazkide izateagatiko kuotak dira gure diru-iturri nagusia. Gure telebistako saioak ere salgai jartzen ditugu,
A. Zein da aurrera begira zuen erronka nagusia?
J.A. Euskarazko saioak ugaltzea, oso gutxi egiten baitugu oraindik euskaraz. Zaila da lortzea, baina langile guztiak euskalduntzetik hasi beharko genuke.
A. Eta emititzen irauteko aukera bideragarria?
J.A. Plentzia herriarentzat telebista hau izatea luxua da, ez Arrasaten bezala, han asko mugitzen baitira eta. Neure ustez telebista honen bideragarritasuna bailara telebista bihurtzea da, Uribe Kostara zabaltzea, alegia.
Ritxi Lizartza
63

GaiezKomunikabidTelebistaHerri telebPlentzia Te
PertsonaiazARANBURU4
EgileezLIZARTZA2Komunikabid