argia.eus
INPRIMATU
«Gaurko bertso saioetan doinuak modaz erabili eta aldatzen dira»
1993ko otsailaren 21
Mikel Mendizabal bertsolariari elkarrizketa
«Gaurko bertso saioetan doinuak modaz erabili eta aldatzen dira»
Mikel Mendizabal bertsolariak gehiegi errepikatzen direla dio:
ARGIA. Kezka berezia ezagutu zaizu doinu berriekiko.
Bertso saioetara joaten naizenean aportazio koskor bat egitea gustatzen zait, doinuetan aukera zabala eskaintzearen aldetik. Belarria jotzera iritsi diren modako doinuak erabili gabe ahalegina egitea bilatzen dut.
A. Moda hitza aipatu duzu.
M.M. Gaurko bertso saioetan doinuak modaz erabili eta aldatzen dira. Aurreko Txapelketa Nagusioaren ondoren Kaxianoren doinua jarri zen modan eta berez polita izanik, hainbatetan entzunda piska bat gorrotatzeraino ere iritsi gara. Abusu egin dugu. Iaz, Gipuzkoako Txapelketan antzekorik ere gertatu zen, Amurizaren «Txoriak eta txoriburuak» doinuarekin, adibidez. Ez ditugu neurtu, ez gara kontrolatu, eta geroztiko saio guztietan behin eta berriz errepikatuak izan dira.
A. Doinu berriak txapelketa egunean luzitzeko bakarrik baliatzen omen dituzue.
M.M. Txapelketara jendea inpresionatu nahian joaten gara. Gero, urtean zehar behera egiten dugu. Gehiago saiatu beharko genuke.
A. «Dragoi Bola»tik «Habanera»ra dena libre al da doinuetan?
M.M. Mugarik ez dago, baina norberak jakin behar du aukeratzen duen doinu hori leku horretarako eta momentu horretarako egokia den. Doinu bat egokia izan daiteke agurrerako eta ez balio saioaren erdian hiru bertso kantatzeko.
Kantatzen den doinu horretan bertsolariak jendeak ulertuko duen ziurtasuna behar du izan bestalde; ez da batere egokia izaten sorpresa bat ematen saiatu eta entzuleengana ez iristea. Orduan porrota baitator.
Gaia eta doinuaren lotura egokia egin behar da, bestalde. Gai bakoitzak berari dagokion doinu egokiak badauzka eta aukera ondo egin behar da. Honela erabiliz gero luzitzeko arma ona izan daiteke. Bertsolariok kantaera diferenteak ditugunez, jakin beharko genuke azkenez, bakoitzari zer doakion ondo. Norberaren kantaerari ondo ez doakion doinua aukeratzen denean aurkako efektoa lortzen baita.
Eta noski, guzti hau taulatura igo aurretik prestatu behar da. Juanito Dorronsororen liburua aurrerapauso hauek emateko orduan oso lagungarri gerta dakiguke, noski.
J.J. Petrikorena
49

GaiezKulturaBertsolaritBertso saio
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaMENDIZABAL1
PertsonaiazMENDIZABAL1