«Euskalerria irratia Iruñerrian errotzea lortu dugu»
1993ko otsailaren 07a
Euskalerria Irratiko Kike Diaz de Ulzurruni elkarrizketa
Kike Diez de Ulzurrun:
«Euskalerria irratia Iruñerrian errotzea lortu dugu»
Beste komunikabideetan ibilia izan arren, euskarazko irratia Iruñean egiteko aukera ikusi zuenean proiektuan buru belarri sartu zen Kike Diez de Ulzurrun. Egun, hasierako programazioari eusteaz gain gehitzea ere lortu dute nahiz eta medio txikia izan.
ARGIA. Zergatik sartu zinen Euskalerria Irratiaren abentura arriskutsuan?
KIKE DIEZ DE U. Lehen ere beste komunikabideetan jarduna nintzen baina haietan inguru erdalduna zen. Euskalerria Irratiaren proiektua atera zenean askoz ere politagotzat hartu nuen. Abentura bat zen, bai, baina polita. Askoz ere nahiago nuen euskaraz aritzea eta, batez ere, Iruñetik Iruñerrirako.
A. Zer dela eta kokapen geografiko konkretu hori?
K.D.U. Zenbait komunikabidek euren burua Euskal Herri osoko komunikabidetzat jotzen dute baina, gero, edukin aldetik ez da horretan erreparatzen. Mendebaldeko irratiak badira baina, nire ustez, ekialdea, hau da, Nafarroa, Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa, pixka bat baztertzen dute. Alde horretatik polita izanen litzateke ekialdetik zerbait elkarrekin egitea, ez inoren kontra joateko baizik eta adierazteko Euskal Herriak baduela bere ekialdea.
A. Irrati txikia denez, zein mugekin aurkitzen zarete lan egiteko orduan?
G.I. Lehenengo muga hizkuntza da. Notiziak sortzen diren gune horietan ez da ia solaskide euskaldunik. Horrek, neurri batean, gure lana murrizten du. Saiatzen gara muga horiek gainditzen. Dena den handiagoak ziren hasieran. Bazirudien zenbait gunetan ez litekeela egon bozemaile euskaldunik, baina poliki poliki sorpresak ere badira.
A. Epe labur eta luzean zein erronka ditu irratiak?
G.I. Oraindik lizentzia ofizialik ez dugu nahiz eta aitorpen soziala izan. Dena den, oraingo helburua programazioa sendotzea, errotzea eta zabaltzea izanen litzateke. Gero eta jende gehiago jarri nahi dugu irratiaren inguruan, jendeak irratia berea bezala senti dezan. Datorren denboraldirako zerbait gehiago egiten saiatuko gara, presarik gabe. Hala ere, Euskalerria Irratiak erakutsi du euskarazko irratia egin daitekeela Iruñetik Iruñerrira, batzuek zalantzan jartzen zutena. Epe luzeagoan ideiak ere badira, hots, beste irratiekin saio elkartuak egitea eta euskarazko irratien arteko kolaborazioak sendotzea Nafarroa mailan.
A. Entzulego aldetik, zein harrera duzue Iruñerrian?
G.I. Ez dugu inoiz zehatz neurtu. Erdarazko irratiekin alderatzen baldin bada txikiagoa da entzulegoa, noski. Baina guk ere eraginik badugu eta gero eta handiagoa gainera. Goizeko saioetan jendearen partehartzea nabaria da, etxeko andre eta jubilatuen munduan, batipat. Dena den, ez dugu uste orain inork militantziaz entzungo duenik irratia. Hasiera batean beharbada bai. Baina orain gu ere saiatzen gara irratia erakargarria egiten eta, jendeak, interesgarria iruditzen zaiolako entzun dezan.
IÑIGO HERCE
Iñigo Herce
63
GaiezKomunikabidIrratiaMolotoff
PertsonaiazDIEZ DE UL1
EgileezHERCE1Komunikabid