ETBko Gillaume Irigoieni elkarrizketa
Gillaume Irigoien:
«Iparraldeko jendea Euskal Telebistaren zain dago».
Gillaume Irigoien: «Iparraldeko jendea Euskal Telebistaren zain dago».
Allande Boutinek ETB utzi zuenez geroztik Inma Alvarez izan da Iparraldeko delegazioko behin-behineko arduraduna. Hilabete t'erdia lanean aritu eta gero, Gillaume Irigoieni eman dio zuzia. Urtarrilaren 4ean hasi zen kargu berrian lanean. Iparraldean kultura mailan ezaguna, antzerki munduan eta idazten zein kantari eman ditu oraino bere lanordu gehienak.
ARGIA. Zer aurkitu duzu Euskal Telebistako ordezkaritzara iritsi zarenean?
GILLAUME IRIGOIEN. Orain arte Allande Boutinek izugarrizko lana egin du Iparraldean ETB ezagutarazten, bai instituzio mailan bai jende artean bere presentzia senti dadin. Bidea erraztuta aurkitu dugu.
A. Nondik iritsi zara lan eta ardura berri honetara?
G.I. Euskal Telebistara etorri baino lehen, irrati munduan aritu izan naiz lanean, Radio France-Pays Basquen alegia. Albiste emailea nintzen eta. Beraz, lana ez zait ezezaguna.
A. Zein izan da aurkitu duzun zailtasunik handiena?
G.I. Batez ere hemengo ardura hartzea, ez baitut ETBren egituraketa eta funtzionamendua gehiegi ezagutzen. Bestalde, alde teknikoan ez naiz sekula aritu eta hemendik aritzeko beharrezkoa zait guzti hori menderatu ahal izatea. Inma eta biok arituko gara oraingoz lanean eta epe luzera asmoa Iparraldeko bi pertsonaren artean ardura banatzea da.
A. Zein harrera du ETBk Iparraldean?
G.I. Iparraldeko jendea Euskal Telebistaren zain dago. Leku orotan ez da oraindik ikusten, baina gero eta gehiago so egiten da ETB.
Oraingoz eguneroko zazpi minutuko «Iparraldearen orena» albistegia eta «Gaur Egun» nahiz «Teleberri»n albisteak ematera mugatzen da ETBren emankizuna. Beharrezkoa da Iparraldeari eskaintza zabalago bat ematea.
Gaur egun, nahasketa dago ETBko eta F3ko saioen artean, eta jendeak guzti hori jarraitzeko asmoa erakutsi du.
A. Kirola ere oso estimatua da Iparraldeko audientztaiaren artean.
G.I. Emankizun horiek estimazio handia dute, batez ere pilota partiduek. Baina ez legoke sobera ETBk Iparraldean egiten den rugbia, futbola eta pilotaren erronkari eustea, eta ez bakarrik goi mailakoa. Izan ere, harrera ona izango luke.
Baina kirolaz gain, badago gizartearen beste arloak ere modu sakonagoan jarraitzeko aukerarik, gai politikoak, sozialak, eta beste hainbat.
RITXI LIZARTZA
Ritxi Lizartza
63