«Edozein gai ukitzean bide berriak jorratzen dira»
1993ko urtarrilaren 24a
Eneko Olasagasti zine zuzendariari elkarrizketa
Eneko Olasagasti:
«Edozein gai ukitzean bide berriak jorratzen dira»
Eneko Olasagasti: «Edozein gai ukitzean bide berriak jorratzen dira»
Aurreko fasean izandako arrakastaren ondorioz, «Bi eta bat» saila gure etxeko pantailetan berriz ikusteko aukera dugu. Kapitulu berriez konplementaturik serie osoa sei hilabetean barna emitituko da. Zuzendari moduan Eneko Olasagasti aritu da.
ARGIA. Zergatik hasiko da berriz «Bi eta bat» programa emititzen?
ENEKO OLASAGASTI.
Lehenik esan beharra dago telebistaren erabaki bat izan dela. Aurreko urtean, apiril aldera deitu ziguten ETBkoek kapitulu gehiago nahi zituztela esanez, audientzia aldetik ondo joan baitzen. Beraz, guk kapitulu berriak egitea erabaki genuen eta lehenengo aldiz serie osoa emitituko da: jadanik emititutakoak eta berriak.
A. Hamabi berriekin aurreko kapituluek izandako arrakasta espero duzue?
E.O Guk aurreko kapituluak xede eta izpiritu batekin egin genituen, hau da, jendeari gustatu eta gauza polita eta interesgarria irudituko zitzaion istorio bat egitea. Barre eragilea izatea noski. Kapitulu berri hauek xede berberarekin egin ditugu. Esan beharra dago telebistan sei hilabetez emitituko dela eta guretzat ere esperientzia berria dela. Beraz, zer gertatuko den ez dakigu.
A. Kapitulu berriak ildo berari jarraituko diote?
E.O. Guretzat ere hau hazten joan den istorio bat izan da, ez produkzio aldetik bakarrik, baita gidoian ere. Gero eta informazio gehiago daukazu eta mundu horrek gero eta gauza gehiago hartzen ditu. Gai aldetik saiatu gara guretzat interesgarriak diren gaiak ateratzen, gizartean dauden gaiak hain zuzen .Hala nola arrazismoa, maitasuna, ludopatia...
A. Lehenengo seriean azkenengo kapituluak kobratzeko arazoak izan zenituzten. Orain uste duzue arazorik izango duzuela?
E.O. Guk sinatu genuen kontratu bat non hasieran parte bat kobratzen zen eta beste partea entrega egin eta gero. Baina arazo batzuen ondorioz asko atzeratu zen entrega eta epeak ez betetzean ETBk istorio horri heldu zion. Orain saiatu gara honako hau gerta ez dadin.
A. «Bi eta Bat» bezalako serien bitartez, euskal umorea istituzionaltzen edo bideratzen ari dela esaten dute hainbatek. Zuk zer iritzi duzu?
E.O Gure telebista berria da, euskal antzerkiaren tradizioa oso laburra da, beraz nik uste dut edozein gai ukitzean bide berriak jorratzen direla. Alde horretatik, egiten den gauza bakoitzak tradiziorik ez izatean, eredu berriak sortzen ditu.Guk neurri horretan sortu ditugu pertsonaiak. Hortik istituzionaltzen den ala ez esatea zaila da, baina guk bai uste dugu estereotipo komiko euskaldun bat lortu dugula.
LIERNI URIBARREN
Lierni Uribarren
71