argia.eus
INPRIMATU
«Ipar eta Hego Euskal Herriko ezker abertzaleak batu egin behar dira»
2021eko uztailaren 19a
Joseba Gomez, EAE-ANVko kideari elkarrizketa
Joseba Gomez EAE-ANVko kidea:
«Ipar eta Hego Euskal Herriko ezker abertzaleak batu egin behar dira»
AE-ANV alderdiak aurten 62 urte bete dituenik apenas inork izango zuen gogoan, EA EUEren mitineko zarrunbilearengatik izango ez balitz. EAE-ANVk, HASI, LAIA eta ESBrekin batera Herri Batasuna sortu zuen 1979an. Harezkeroztik, isilik pasatu dira alderdi honen gorabeherak, haien helburua "batasunerantz jotzea" izan baita beti. HBren baitan funtzionatu arren, bere politika berezia mantentzen du.
ARGIA. Nortzuk zarete zuek?
JOSEBA GOMEZ. ANV alderdi politiko bat da, ezker abertzalekoa, historikoa. ANVk HB fundatu zuen eta, gaur egun, Hego Euskal Herrian bere baitan kokatzen da.
A. Zer asmotan zabiltzate orain? EAE-ANV sendotzera joko al duzue? Urteurrenaren inguruan kongresurik egingo al duzue?
J.G. Alderdia sendotzeko asmoa beti dugu. Bestalde, kongresua ere egingo dugu laster. Urteurrenerako, berexiki ezker abertzalearen batasunaren mezua zabaldu nahi dugu. Ipar eta Hego Euskal Herriko ezker abertzaleak batu egin behar dira.
A. Zergatik ez zarete HBren baitan desagertzen?
J.G. HB ez da alderdi politikoa, ezta beharrik ere. HBk iraun baldin badu horrexegatik izan da: alderdien koordenadetatik kanpo gauza bereziak egiten asmatu duelako. HB, ANV eta KAS ezezik beste sentsibilitate asko eta asko biltzen dituelako da koalizioa. HB alderdi politiko gisa planteatuko balitz jendeak gero eta urrutiago eta okerrago ikusiko luke, alderdiek fama txarra baitaukate. Kontrako bidetik jo behar du justu.
A. ANVk bi ardatz ditu: independentzia lortzea batetik, eta bestetik ezkerabertzalea marko nazionalaren barruan egituratzea. Ez al dago nahikoa definitua HB esparru horretan?
J.G. Independentziari dagokionez, sekulako jauzia gertatu da. Orain dela hiru urte, independentziaz mintzatzea ia ezinezkoa zen. Autodeterminazioaren borroka planteatzen zen orduan. Bazirudien autodeterminazioa, bidea izan beharrean, helburua zela. Azken hiru urteetan, independentzia eguneroko gauza bilakatu da, HBk ere bere burua independentziazaletzat aurkezten du. Lehen, HBren baitan independentziazale asko zeuden, baina helburua autodeterminazio eskubidea lortzea zen.
A. Autodeterminazioaren aldeko borroka gainditutzat jotzen duzue, baina batzuen ustez, hori gauzak errazegi esatea litzateke.
J.G. Autodeterminazioaren aldeko manifestazioa antolatzen denean, inork gutxik oihukatzen du autodeterminazioaren alde, independentzia eskatzen da. Bi kontzeptuok askotan nahasi egiten ditu herritarrak, egia da, baina autodeterminazioa eskatzen denean zerbaiterako izaten da. Gainditu dena ez da izan autodeterminazioaren aldeko borroka, baizik eta autodeterminazioa helburutzat hartzearen planteamentua. Autodeterminazioa eskatu behar da, gero independentzia eskuratu ahal izateko.
A. Ezker abertzaleak zazpi probintzietan estrukturatu behar du zuen ustez. Formula konkretua ere planteatzen duzue: EMAk, EBk eta independienteek HBko Mahai Nazionalean tokia behar dute, eta gainera Ipar Euskal Herrian HB sortu beharko litzateke. Bete dadin Iparraldekoek nahi izan beharko dute. Dena den, zein epetan planteatzen duzue batasun hori?
J.G. Iparraldea aipatu izan den bakoitzean epe, erritmo eta berezitasun kontuez hitz egin izan da. Guk betidanik esan izan dugu Baigorri eta Hernani desberdinak direla, baina baita Baiona eta Baigorri edo Goizueta eta Kortes ere. Batasunari dagokionez, herria ezker abertzalearen aurretik jarri da momentu honetan. Bada garaia ezker abertzalea batzekoa. Alderdi batzuek bi aldeetan funtzionatzen dute eta ezker abertzaleak ez. Bada esaldi bat, batzuen gustokoa ez izanda ere, asko erabiltzen dena. Hala dio: "Gu batzen ez bagara, azkenean bi Estatuek jipoika batuko gaituzte".
A. Batasunak aipatuz, zuek argi eta garbi esan izan duzue EArekin egin behar dela tratua.
J.G. Alderdi batzuek, beren burua abertzaletzat jotzen baldin badute, eta autodeterminazioaren alde borrokatzen baldin badira, horiekin ekintza batzuetan batasuna lortu behar dela iruditzen zaigu.
A. Hala ere, harritzekoa da EAJren kontra hain gogor jabatzea, eta bestelako esperantza izatea EArekin. Hain desberdinak al dira biak?
J.G. Urteen poderioz desberdindu egin dira. EAkoak gauza izan dira udaletan independentziaren aldeko mozioak onesteko edota intsumisoen aldeko borrokan inplikatzeko. EAJ erabat nahasita dabil.
A. Beraz, Garaikoetxearekin Arzalluzekin baino gehiago fidatzen zarete.
J.G. Pertsonekin, oro har, ezer gutxi fidatzen gara. Nahiago dugu proiektu politikoekin fidatu.
A. Zer egin dezakete elkarrekin HBk eta EAk?
J.G. Noraino heldu behar duten EAkoek esan beharko dute.
A. Haien esanak esan, zuen ustez noraino heldu beharko lukete?
J.G. Alderdi batek independentziazalea dela esaten baldin badu, horrela jokatu beharko du gurekin instituzioetan sartzen bada.
A. HBra bueltatuz, negoziaketa estrategia aldatu dela esan izan da. Alegia, beste ardatz batzuek planteatzen hasi zaretela.
J.G. Arazoaren konponketa negoziaketaren bidez helduko da. Baina negoziaketa kontzeptua ez da itxia, dinamikoa da: Algerreko egoera eta oraingoa oso desberdinak dira.
A. Okerragoa ala hobea?
J.G. Politikaren ikuspegitik hobea. Algerian ez zegoen orain dagoen mugimendu independentistarik.
A. Zertan geratu da, orduan, negoziaketa estrategia hori?
J.G. Kontzeptu hori beti aldatzen ari da, momentuko egoera politikora egokitzen.
A. Zuek zer garrantzi ematen diozue une honetan? Posible izango al da aurki ETA eta Estatu espainiarra biltzea, ala luze joko du eta beste modu batera ari zarete indarrak pilatzen?
J.G. Pilota beti dago Estatu espainiar eta frantziarraren teilatuetan. Biok euskal arazoarekiko politika komuna daramate. Batek ez du aurrera egingo bestearekin konforme jarri gabe. Biak bat dira jada.
Penagarria da, bi estatuak batera ibilita ere, ezker abertzalea hain banatuta ibiltzea. Akatsak bi aldeetan izan dira, batez ere Hegoaldekoek egin ditugu, baina aurrera begiratu behar da.
Pello Zubiria Garbiñe Ubeda
8-9


GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakEAE
PertsonaiazGOMEZ2
EgileezUBEDA1Politika
EgileezUBIRIA2Politika