Jakes Abeberri, Euskal Batasuneko kidea eta Miarritzeko hautetsia:
«Erabakiak hartzen diren lekuetan ez egotea ezinezkoa dela uste dut»
Miarritzeko auzapezaren adxuntak, Jakes Abeberrik, Ipar Euskal Herriko mundu politikoaren birak hurbiletik ezagutu ditu. Herriko etxerako azken hauteskundeek bere ikuspuntuen garaipena erakutsi dute. Azkenaldian, zalapartak Senaturako hauteskundeekin batera datoz EBn Dascon izendatuta ere, Miarritzen alderdi bereko kideek Borotraren aldeko boza eskatu izanagatik. Horiek argitu asmoz jo dugu Jakes Abeberrirengana.
ARGIA. Abertzaleak aldiro aurkeztu dira azken urteetako hauteskundeetan. Zer ondorio duzue horri buruz?
J. ABEBERRI. Nahiz eta ingurumen demokratikoa inperfektoa izan, mugimendu politiko batek ezin du politikako une hain azkar batetik kanpo egon. Ez dut erraten hori izan behar duenik mugimendu abertzalearen adar nagusia, abertzaleak aitzinatzen ari bait dira beste eremuetan. Baina ez dut sinesten bapateko aldaketak biziko ditugunik. Gure herria berrirabazi egin behar dugu eta beraz, alde guztietara jo behar dugu. Lehenik gure kultura berrindartzeko borroka hori funtsezkoa bait da, baina zertarako herri euskaldun bat inor ez balitz bertan biziko? Eremu guztietan egon behar gara eta, gure helburua mendiak mugitzea bait da, erabakiak hartzen diren lekuetan ez egotea ezinezkoa dela uste dut.
Bi abertzale mota daude: alde batetik militantea, borroka rupturista batekin nahikoa lukeena, eta bestetik, bertze asko daude gai baten inguruan ikusiko ditugunak, puntualki parte hartuko dutenak, eta orokorrean rupturistekin ados daudenak. Azken hauek ez lukete ulertuko hauteskundeetan ez parte hartzea, gure indarrak neurtzeko testa bait da. Azken hamar urteetan erran dudana gaur egun abertzale gehienek aitortzen dute eta garai batez edozein instituzio baztertzen zen bezala, orain talde guztiek eskakizun hori aintzinan jartzen dute.
Bestalde, Miarritzen bezala hauteskundeetara joaten bagara irabazteko arriskua hartzen dugu. Hemen, hauteskundeen unea ez dugu gure ideiak aitzinean jartzeko bakarrik baliatu. Herriko Etxearen gestioaz ere arduratzen gara. Kasu honetan mugimendu abertzaleak heldutasuna erakusten du. Bere funtsezko eskakizunentzat ez du ezertan amore eman eta presioa mantentzen jarraitzen du.
A. Zein da zure papera Miarritzeko Herriko etxean?
J.A. Horri buruz hitz egin baino lehen gogoratu behar da nola iritsi garen hona. Abertzaleek bi bide hautatu dituzte hauteskundeetara joateko: lehenengo bide gisa, zerrenda batean beste batzuekin abentaleen lekua aitzinetik negoziatuz, eta bigarrena zerrenda abertzaleekin bakarrik osatuz. Bigarrena da guk hautatu genuena. Honela Miarritzen genuen indarra neuntzeko lagundu digu. %15 lortu dugu, eta ondoren Borotrarekin negoziatu dugu itzuliarako. Sei ziren gure zerrendatik eta puntu minimo batzuek jarri genituen mahai gainean. Bi adxunto ditugu.
Aitortu behar dut kontratua orokorrean errespetatua 0dela. Lehen puntua zen Miarritzi buruz bakoitzak zuen iritzi orokorra, hortan ez da arazorik izan. Horrexegatik hain zuzzen, krisia sortu zen Herriko etxean, eta beraz, ados jarri gara berehala eta eraikuntza gelditze bat izan da. Horrela gertatu da, hain zuzen, aurreko auzapezaren politikarekiko haustura.
Bestalde, azpimarratzekoa da azken urteetan sekulan baino gehiago eraiki dela kanpotarrentzat eta sekula baino guttiago bertakoentzat. Hor ere aldaketa bat izango da, erabakia bait dugu urtero 80 eta 100 bat etxebizitza sortzea, baina alokatu bakarrik egingo direnak. Herriko Etxeak izango du honen gestioaren ardura. Gogoratu behar da gaur egun etxebizitzen % 47a bigarren etxebizitzak direla Miarritzen, izugarrizko desoreka baten aurrean aurkitzen gara. Azken etxebizitza soziala orain dela 13 urte eraiki zen. Beste gai bat ere mahai gainean jarria genuen. Ikastola bat nahi genuen Miarritzen. Eta orain, herriko kontseiluak alde bozkatu du, baita RPRko ordezkariak ere. 4,5 milioi liberako buxeta bozkatu da ikastola bat eraikitzeko.
A. Beraz, abertzaleek eman dituzten azken urratsei buruz baikor azaltzen zara.
J.A. Hala da. Abertzaleak ez dira gehiago deabrutzat hartzen, gauzak besteek bezain ongi egiteko gai direla ohartzen da jendea. Ghettotik aterata, euskal kontzientzia izpirik ez duten horiek ohitura berri batzuk hartzen dituzte kontakto zuzenak eta konkretuak dituzten abertzaleekin.
Ondoko hauteskundeetan agertuko da zer emaitza izan duen horrek.
A. Senadorako hauteskundeetan Borotra sostengatu duzu, ez al da kontraesan handia?
J.A. Bakoitzak hiru boz genituen, hiru pertsona hautatu behar genituen. Miarritzeko lau hautetsi abertzaleok Borotraren alde bozkatzera deitu dugu. Guretzat logikoa zen, berarekin lanean ari bait gara egunero. Herriaren gestioan zaila iruditzen zitzaigun bestela egitea. Bistan da, abertzale eta Euskal Batasunakoa izanik, Dasconen alde ere bozkatu dut, nere hirugarren boza eman diot eta bigarren itzulian Borotraren alde bozkatu dut.
A. Beraz, euskal departamentua eskakizun baliagarria da oraindik.
J.A. Deszentralizaziora arte, euskal departamenduaren defendatzaile sutsua izan naiz, ez bait zen beste egiturarik eskatzen ahal. Erregioak ez ziren eta departamendua ere prefetaren menpe zegoen. Gauzak aldatu egin dira, Kortsikan estatutu berezi bat daukate. eta erregioek botere bat badaukate. Abertzale baten helburua Euskal Herria batzea da. Urraska joanez, Euskal Batasunak erraten duen bezala, gaur egun Euskal Herriarentzat estatutu berezi bat eskatu behar dugu. Beraz, Dasconek departamentua eskatzen zuen taktikoki interesgarria delako, diskurtso abertzale batekin joanez, 15-20 boz ukanen zituen eta hor bildu nahi izan ditugu euskaltzaleak. Garai batez Luberriagaren inguruan zeudenen artean, emaitzak espero baino hobeak izan dira: % 21ekoak. Hor ere ideien aitzinatze bat dugu, bozkatzen zutenak kontserbadoreak bait dira. Baina Dasconek beste eskakizunik ere bazuen. Besteak beste, euskararen legalizazioa.
A. Errefuxiatuen sostengua izan da zure borrokare alde bat Errepresio une bortitzak gertatu dira azken hilabeteetan. Nola adieraz dezakezu Estatu frantziarrak darabilen politika?
J.A. Aspaldidanik parte hartu dut errefirxiatuen aldeko borrokan. Gaur egun, erran dezaket gero eta heroikoagoa izan behar dela gordeak direnekin lan egiteko edo laguntza ekartzeko. Nere ustez, kolpe azkarrak emanak izan dira ETAren aurka. Baina horregatik ez da desagertuko, eta gelditzen direnak zalantza guttiago daukate. Ondorioz borroka gogorragoa izanen da. Hemen entzun ditut hegoaldetik etorrikakoak erraten "Frantzian, hemen, libertatea nabari da, ez da Hegoaldean bezala" Iparraldean zirelarik. Inkontzientea azkarra da eta helburu politikoa azkarra bada ere, banaturik egon gara luzaz eta erreflexuak menperatzen zaila da. Batzuek luzaz pentsatu dute muga pasatu eta gauzak desberdinak direla, baina Frantziak hegaldeko borroka izan balu hemen Espainian baino okerrago portatuko zen, ikusi dugu Algerian. Gaur egun Frantziak bere egiazko aurpegia erakusten du. Mitterranden lagunak dira Espainiako boterean, eta garai batez errefuxiatuak beren etxeetan onartzen zituztenek gaur egun estraditatu egiten dituzte. Indibidualki oso gogorra da, baina euskal borroka historiaren haizean dago. Nazio-estatuak aldatuko dira, nahiz eta bere sinboloetan bakarrik izan. Bestalde donostiar batek Miarritzen biziko delako hemen bertan bozkatzeko ahala ukateak ere izugarrizko aldaketa sortzen du, berehala lortuko ez nukeena euskal herriaren aldeko borrokari esker. Denen artean autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka elkarrekin aldarrikatzeko gai bagara borroka hori irabazia da.
Ixabel Etxeberria
8-10