"Emakumeen papera kantxetatik kanpokoa izan da beti"
1992ko urriaren 04a
Mirari Korta, pilota epailea
"Emakumeen papera kantxetatik kanpokoa izan da beti"
ARGIA. Duela gutxi pilota epaile izateko azterketa gaindutu duzu. Honek epaile emakume bakarra bihurtzen zaitu.
M. KORTA. Bai oraindik ez daukat karneta eskuetan baina gainditu dudala esan didate. Orain praktiken zain nago.
A. .Nola bururatu zitzaizun pilota epailea izatea?
M.K. Neba pilotaria dut eta etxean pilota mundua asko bizi da. Lehen ez nintzen asko ibiltzen inguru honetan, baina horren ondorioz hasi nintzen pilota partiduetara joaten eta gaur egun izugarri gustatzen zait. Tristura ikaragarria ematen zidan pilotalekuetan, pilotazaleen artean adibidez, hain emakume gutxi ikusteak, eta azkenean zergatik ez? galdetu nion neure buruari, eta horrela hasi nintzen.
A. Emakumea izateak oztoporen bat suposatu du?
M.K. Ez didate oztoporik jarri, guztiz kontrakoa. Asko animatu ninduten. Baina, orain arte bizileku asko izan ditut, eta ez naiz talde zehatz batean sartu. Eta hau pilotalekuetan epaile bezala ibiltzeko oztopo bat izan daiteke. Nere asmoa talde batean sartzea eta zerbait egitea da. Beste modu batera nahiko zaila delako epaile moduan aritzea. Hori da dudan oztoporik handiena, ez dakit emakumea naizelako edo gestio arazo bat izango den.
A. Zurekin azterketa egin zutenak hasi dira praktiketan?
M.K. Baina lehendik euren herriko taldean sartuta zeudelako izan da. Horrela askoz ere errazago da praktikak egitea.
A. Pilota arautegia ikasteto beharrezkoa al da ikastaroa egitea?
M.K. Ez, nik neure kabuz ikasi eta gero azterketa egin nuen. Pilotaren inguruan murgiltzen den edonork arauak ezagutzen dituen edonork arautegia ikastea nahikoa du azterketa egiteko.
A. Zein da zure asmoa pilota epailea izatean?
M.K. Pilota epaile sartu nintzen oso pilotazalea naizelako, baina ez dut bestelako asmorik. Bestetik, emakumeen papera beti izan da kantxetatik kanpokoa orain arte behintzat. Gaur egun, "Ikas pilota" programarekin hasi dira ikastoletan neskak zein mutilak jolasten. Nere asmoa, apalki, haren garautxoa jartzea.
Myriam Gartzia
Mirari Korta dugu une honetan, pilota epaile neska bakarra. "Oso tristea da kantxetan emakumerik ez ikustea", esan digu 24 urteko gazte honek.
31