"Euskadiko Kontserbatorio Nagusia Donostiara ekarri behar dugu"
1992ko irailaren 27a
Roberto Nuño, Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendaria:
"Euskadiko Kontserbatorio Nagusia Donostiara ekarri behar dugu"
Urtebete darama zuzendari lanetan eta urrirako utziko duela aurreratu digu. Irakaskuntzari lotzea nahiago du. Bien bitartean, LOGSE legeari loturik egin beharreko aldaketek buruhausterik sortu diote.
ARG IA. LOGSE legearen aplikazioa dela eta aldaketa handien tenorea iritsi da ere musika irakaskuntzaren mundura ezta?
ROBERTO NUÑO. Musika irakaskuntzaren alorrean erabateko aldaketak gertatzen ari dira. Ez behar bezala emanak, ordea. Heziketa munduko teknikoek maila orokorreko aldaketak eztabaidatu dituztenean azkenerako utzi dituzte musikari dagozkionak. Ondorioz, LOGSEren bitartez datozen berrikuntza guztiak azken orduan egin dira, presaka; jendea ez da jabetu, eta aztoratuta dabil nora jo jakin gabe.
A. Kontserbatorioari zertan eragingo dio Lege berriaren aplikazioak?
R.N. Gure helburu nagusia musikari profesionalak osatzea litzateke, aurrerantzean. Horrek, plazak murriztuko ditu eta oraingo masifikazioa ikusita, jende anitzek ezingo du bere ikasketekin jarraitu.
Plangintza herriak ez du ordea, jendea kalera bidaliko. Bi maila ezberdinduko bait dira: irakaskuntza arautua eta ez arautua. Musika gustatu baina horretara buru belarri jarriko ez den jendearentzat musika eskolak egongo dira aukeran.
A. LOGSE legeak musika heziketa murriztera joko duela kritikatzen da.
R. N. Bide onetik eramanez gero musika mailako lorpen handiak izan daitezke Euskal Herrian, nere aburuz. Orain artean, bakoitzak nahi duena egin du, inongo planifikaziorik ezean.
Estatu espainiarreko musika ikasle portzentaia altuena dugu, baina azken emaitzetan motz geratzen gara. Profesionalak nahi ditugun erabaki behar da: Kultura mailako musika heziketa zabal honi eusteaz gain, Lege berriak ondo erantzuten dio arlo honi eta aukerak zabaltzen ditu gainera. Frofesional jendearen kopurua jaso behar dugu.
A. Helburu honi jarraiki zeintzuk lirateke dituzuen arazo nagusienak?
R.N. Finantzaketa. Ekonomia mailan oso momentu txarra bizi dugu. Gauzak funtziona dezaten dirua behar da, eta horretan aurrera egiten ez dugun neurrian, finantzaketa on batez hornitzen ez bagaituzte, ez daiteke deus ere egin.
A. Jaurlaritzak 100 milioi pezeta eman ez dituelako Donostiako Udaletik zuzendutako salaketak egoera honi erantzuten al diote?
R. N. Eusko Jaurlaritzak, Madrileko konpetentziak bere gain hartu zituenean, Kontserbatorioaren arduraz jabetzea proposatu zuen, eta bertatik, uko egin zitzaion. Ez dakit zergatik. Gasteizkoa kasu, Jaurlaritza eta Udalaren esku dagoenez, aurrekontuen erdiaz hornitzen du. Bilbokoa osoki Gasteizek darama.
Donostiakoak urteen poderioz, bai mailaz eta kalitatez gora egin duelarik, Udala ez da gai izan aurrekontuen beharrei erantzuteko, eta Gasteiztik aurrekontuen % 6 bakarrik ematen zaigunez, desorekak sortu dira. Elkarriztetak egon dira eta diru bat emango dela ziurtatzen bada ere, oraingoz ez dator. Ondorioz, Udalak bere gain hartu beharko ditu gastuak, oraingoz. Datorren urtean aldatuko ahal dira kontuok.
A. Aurrekontuen murrizketari loturik, Donostiako hainbat ikaslek antzinako musika arloa desagertzeko zorian zegoela esanez plazaratu zuten kexua zertan da?
R.N. Udalak gure funtzionamendu guztiaren berri bildu eta diru banaketarako irizpideak ezarri zituenean argi utzi zigun, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen ez dituen kostuei, irakaskuntza ez arautuei dagozkionak, ez diela erantzungo. Bestela izango balitz, arautuak balira, ez legoke arazorik. Antzinako musika saileko ikasketak baina, kanpo geratzen dira.
A. Zein duzue aurrera begira asignatura zailena?
R.N. Kanpaina publizitario handi bat egin behar dugu Euskadiko Kontserbatorio Nagusia hona ekartzeko. Erabaki politikoa izango den arren gure indarrak erakutsi behar ditugu, mobilizazioak burutu, Orfeoia dela Hamabostaldia, Euskadiko Orkestra, Diputazioa eta beste inguratuz, Donostia kultura mailako hiriburua izan dadin.
Gasteizek gauza bera eskatuko du, noski. Horretarako egoitza aproposena dela aldarrikatzen dute. Bilbok, bestalde, biztanleen gehiengoa biltzen duela. Baina Bizkaia hiriburu ekonomikoa eta Gasteiz politikoa badira, eska dezagun guretzat kultura mailakoa.
J J. Petrikorena
42-43