Itziar Aizpurua, Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea:
"Egiten diguten mehatxu politikoari egia politikoarekin erantzuten diogu"
Ez da lehenengo aldia politikari beterano honen hitzak auzitegirako bidean jartzen dituztela. Hala ere, Morlansen hildakoen omenaldian esandakoak berretsi egin ditu, horri buruz galdetu diogunean. Ajuria Eneako Hitzarmena, EAren abertzaleen batasunerako proposamena, ETA eta Estatu espainiarra bezalako gaiak aipatu dizkigu, urte osoa HBko egoitzan lanean pasatu ondoren, oporretarako garaia heldu zaion honetan.
ARGIA. Morlansen hildakoen omenaldian esandakoen ondorioz, zure kontrako prozesu judizialari ekitekoak zirela aipatu izan da. Noraino irits daiteke?
ITZIAR AIZPURUA. Nola edo hala, Euskal Herriko disidentzia osoa kendu nahi dute. Beraz, mehatxua adierazten du. Abertzaleen munduan eragina duten pertsonen aurka hainbat hitz eta bestelakoak bota ditu EAJk. HB ez baldin bada PSOEren eta EAJren politikan sartzen, jipoiak jasoko ditugula esaten aritu dira, iraila epe gisa jarriz. Morlansekoa dela eta, omenaldian esandakoak auzitegira eramateko momentu egokia iruditu zaie. Baina ez gara beldurtzen. Ez dakit legeak hori noraino babesten duen, baina babes horrek badu berezitasun bat : haiek esan dezakete terroristak direla eta guk ez dugu aukerarik gudariak direla esateko. Guk, egiten diguten mehatxu politikoari egia politikoarekin erantzuten diogu.
A. Nola bizi izan duzu ETAren tregoa eskaintza? Itxaropenik ba al zenuen ETAren agiria argitaratu zenean?
I.A. ETAk hogeitamahiru urte daramatza borrokan. Horren arabera, beraz, herri honek tinko jarraituko du bere helburuak lortu arte. ETA erakundeak betidanik adierazi izan du gatazkaren konponbidea zein den, eta orain inoiz baino zaletasun eta borondate handiagoarekin. Borroka politikoa denez, konponbideak ere politikoa behar du izan. ETAk borondate politikoa azaldu du eta bi aldeek agertuz gero, ahalmenik badago esertzeko eta elkarrizketari ekiteko. Baina Estatu espainiarrak atxiloketekin, errepresioarekin eta borondate ezarekin erantzun du. Konponbide poliziala ezarri nahi izan du, inolaz ere ez politikoa. Nik argi daukat erantzukizuna EAJrena eta PSOErena dela.
A. Zein eragin izan du tregoaren apurtzeak HBn?
I.A. Eraginik izan du, guk su eten batean, negoziaketa batean eta ETAren borondatean sinesten dugulako. Eta hau aurrera eramaten ez denean, agian geu gara kaltea gehien pairatzen dugunak. Euskal Herriaren aurkako bortxakeriari bortxakeriaren bidez erantzun behar duena da gehien sufritzen duena. Badakielako zer den bere azalean hori jasatea.
A. EAJren aurka hitz gogorrak esaten dituzue, baina hala ere beraiekin harremanak mantendu nahi dituzue.
I.A. Euskal gizartean ezinbestekoa ikusten dugu alderdi politiko guztiekin harremanak mantentzea, eta are gehiago abertzale sentitzen direnekin. Gure helburuak bi ziren EAJrekin harremanetan hasi ginenean. Bat, harremanei gaurkotasuna ematea, eta bestea, diagnostiko bateratua egitea, zer nolako egoera politikoan gauden ikustea, eta hona iristeko zer nolako politika eraman duen bakoitzak, Francoren heriotzetik honantz. Bi helburu horietatik lehena lortu dugu. Harremanek udazkenean jarraipena izatea espero dugu. Bigarrena, diagnostikoa alegia, desberdina izan da. Gure diagnostikoaren arabera, Estatutoak porrot egin du. Herri honen subiranotasun borondatea suntsitzea baldin bazen helburua, ez dute lortu. Haien ustez, Estatutoak ez du eman beharreko guztia eman, gehiago lor liteke hortik. Hala ere, EAJk gure hizkera hartu eta erabili egiten du, nahiz eta bere praktika herriaren kontrakoa izan. Ez da ahantzi behar EAJk errepresioan zerikusi handia duela. Ertzaintzak `Tturko' hil zuela urtebete da, eta horretarako, Atutxa, Martiarena eta EAJ osoaren bultzada izan zuten. Gainera, Gobernu espainiarreko Barne Ministeritzarekin, Corcuerarekin, estuki lotuta daude. Honek frogatzen du zer nolako borondatea duten hauek.
A. EAJkoak horren okerrak baldin badira, zergatjk jarraitu nahi duzue haiekin hizketan?
I.A. EAJko botoak jauntxo batzuk izan arren, gehiengoa abertzalea da. Alderdikeriatik kanpo, badago oinarririk herria aurrera ateratzeko. Horregatik, beharrezkoa da loturak estutzea.
EAJk herri honen abertzaletasunean sinesmenik ez du izan. Ez du sinetsi subiranotasuna behar duenik. Zenbat aldiz léporatu ote digu Arzalluzek, independentziaren bidetik abiatuta azak jango ditugula. Nik esango nioke Arzalluzi azak jateko ere prest egongo liratekeela batzuk, hain zuzen ezin dutelako orain azarik ere jan.
Hortxe dugu Jon Azua; gestiorako ere ez du balio. Eta Jon Azua bezala, beste asko. Gobernuan dituzten sozioek, lagundu beharrean, oztopo egiten diote Euskal Herriari. Ni Jon Azua banintz munduko beste muturreraino joango nintzateke lotsaren lotsaz. Eta bitartean, Arzalluz independentziak azak jatera eramango gaituela esaka.
Ardanza txotxongilo bat besterik ez da. Corcueraren hitzak erabiltzen ditu batetik, eta bestetik aberastasunik ekartzeko ahalmenik ez dauka.
A. Ajuria Eneako Hitzarmenekoek biltzeko delaldia luzatu dute berriz. Zer iruditen duzu?
I.A. Animalia guztien artean ez da animaliarik, gizakia ezik, oztopo berean bi aldiz erortzen denik. Hitzarmenekoek horixe egiten dute, baina ez bitan, behin eta berriro baizik. Herri honetan aurrerapausorik egiteko HBren papera ezinbestekotzat jota, gobernutik kanpo gurekin hitz egin behar izan badute, nondik berpiztu liteke hilda dagoen hitzarmena? Eta berpiztuta ere, zertarako? Berriz leku berean erortzeko? Ausardiaz jokatzea eskatzen dugu.
Ekimen bateratuak bultza ditzagun. Hainbat eta hainbat gauza dugu herri honi eskaintzeko. Esate baterako, autodeterminazioaren apustua.
Bitartean, dagoen odola, negarra, nekea, langabezia... dena EAJri eta PSOEri leporatzen diet.
A. Abertzaleen batasuna aipatzen duzula eta, EAk ere behar hori azaldu du. Zer iritzi duzu?
I.A. Ilusioz ikusi dut proposamena. Lehenagotik, Bai Independentziari taldeak ekimenak eginak zituen eta Aberri Egunerako deia luzatu zuen, baina zoritxarrez, HBk bakarrik erantzun zuen. Guk ezinbestekotzat jotzen dugu horrelako ekimenen aerrean abertzaleak bateratzea. Eta autodeterminazioa aipatu badut ere, beste hamaika gauzatan froga genezake batasunak funtziona dezakeela. Gipuzkoako Diputazioarena adibide garbia duzu. Horrelakoei dagokienez, HBk ateak zabalik ditu erabat.
Irailean alderdiekin biltzen jarraitu nahi dugu. Eta ahal balitz diagnostiko bateratu batera iritsi, alderdikeriak alde batera utzirik.
A. Zer aportatzen du Itziar Aizpuruak Herri Batasunan?
I.A. Emakumea naiz. Horixe, behar bada, garrantzitsua da. Emakumeak gizonezkoak baino gehiago aporta dezake Euskal Herrian, beti bait dago borrokan, jaiotzen denetik hiltzen den arte. Emakume abertzale baten aportazioa da nerea.
Aitziber Yarza
8-10