argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Gonzalo: «Boteretik datorren informaziotik at egotea zaila da»
Aitziber Yarza 1992ko uztailaren 26a
Egin Irratiko Iñaki Gonzalorekin
Iñaki Gonzalo: «Boteretik datorren informaziotik at egotea zaila da»
Kazetaritza ikasketak burutzen ari zela Getxo Irratian lanean hasteko beka batzuk atera ziren eta bertan izan zuen irratiarekiko lehen harremana. Han bi urtez aritu ondoren Egin Irratian lan egiteko deitu zioten eta urte eta erdi darama bertako albistegiak egiten.
ARGIA. Zu batez ere albistegietan aritu izan zara, gustokoa al duzu albistegiak egitea?
I. GONZALO. Karrera egin nuenean ez nuen pentsatzen irrati batean lan egitea, beti atsegin izan dut albisteak eta notiziak lantzea, baina irrati betean lan egitea ez nuen pentsatzen. Baina gustora nago, Egin Irratian daukagun lana oso berezia bait da. Erronka bat dugu egunero irrati honetan. Irratian egiten diren gauzetatik gustokoena albisteak biltzea eta lantzea da. Bestetik, albisteak asko atsegin ditut herri bizi batean gaudelako eta Euskal Herrian egunero gauza asko gertatzen direlako. Gertatzen den guztia lantzea eta dekodifikatzea zirraragarria gertatzen da. Beste komunikabideetatik datorren informazioa dekodifikatu egin behar dugu eta gure entzuleei beste era batera eman.
A. Zein da albistegiak egitean aurkitzen duzun zailtasun nagusia?
I.G. Zailtasun nagusia Euskal Herrian bizitzea eta lan egitea da. Gizarte honetako sektore batek dakarren informazioaren aurrean boikot bat dago beste komunikabideen aldetik. Horregatik, guk informazioa beste era batera eman behar dugu eta herri sektore horretatik datozen berriak eman. Bestetik, neretzat zailtasun nabariena euskara da, euskaldun berria bait naiz duela hiru urte ikasi nuen.
A. Nola ikusten duzu euskal irratigintza eta bereziki irratietako albistegiak?
I.G. Euskarazko irratietan hasieran aipatu dudan herri sektore batzuetatik datorren informazioa aipatzen da, baina Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean komunikabideak boterearen menpe daude eta botereak eman nahi duen informazioa hartu eta ematen dute. Euskal Herrian informazio horretatik kanpo egotea oso zaila da eta gure lana beste informazio hori lortzea eta ematea da. Hau da, nere ustez, arazo nagusia.
A. Beste eratako saioren bat egitekotan zein izango zenute gustoko?
I.G. Beti gustatu zait ikerketa lanak egitea eta baita musika klasikoa ere, egitekotan gai hauekin loturiko saio bat burutuko nuke.
AITZIBER YARZA
61


GaiezKomunikabidIrratiaEgin Irrati
PertsonaiazGONZALO1
EgileezYARZA1Komunikabid