argia.eus
INPRIMATU
«Herri osoak parte hartu du»
Ritxi Lizartza 1992ko uztailaren 26a
Junes Casenave-Harigile, «Santa Kruz» pastoralaren idazlea
«Herri osoak parte hartu du»
Uztailaren 26an eta abuztuaren 9an, Zuberoako Santa Grazi baserri herrian, Junes Casenave Harigilek idatzitako "Santa Kruz" pastoralaren bi emanaldiak burutuko dira. Jean Pierre Errekalt izango da errejenta eta doinuak Beñat Axiarik eginak dira.
ARGIA. Noiz eta nolatan ekin zenion Santa Kruz apaizaren bizitza pastoral moduan kontatzeari?
JUNES CASENAVE-HARIGILE. Duela hiru bat urte idatzi nuen eta idatzi nuen bezala emanen da, hiru orduz. Ene ustez, ez dugu ezagutzen Euskal Herriaren historia eta emeki emeki herri guztiak, ez jakintsuek soilik, behar du bere historia ezagutu. Eta ez arrotzek ikusten duten bezala. Beraz, gure historiaren hainbat pasarte kontatzen hasteko, Zumalakarregi hautatu nuen, lehen karlistadaren adierazgarri. Eta bigarren karlistadaren berri emateko, Santa Kruzen bizitza kontatzea iruditu zitzaidan egokiena.
A. Nola ezagutu zenuen apaiz gerrilariaren bizitza?
J.C. Gazte nintzelarik irakurri nuen Santa Kruzen bizitza eta markatu egin ninduen. Geroztik barneratu egin dut eta bai zenbait liburu –gehienak erdaraz– irakurri ere. Gaia ikertu beharra dago eta lan gaitz honen ondoren idazten hasi.
A. Pertsonaia nagusiak gerlagizonak behar dute izan?
J.C. Hori ez da hala. Edozein izan daiteke. Eta pastoraleko borrokak errito dira, ez benetako borrokak. Pastorala herriari konfidantza egiteko idazten da. Pastoraletan gauzak ez dira esaten, iradokizunak egiten dira eta jendeari pentsatzen utzi behar zaio.
A. Nola prestatu duzue pastorala?
J.C. Urtarrilean hasi ziren ikastaldiak. Bazen zenbait urte Santa Grazik pastoralik antolatzen ez zuela eta dantzariak eta arizaleak behar izan ditugu prestatu. Herri osoak parte hartu du hilabete hauetan.
A.- Zeintzuk izan dira errejentaren lanak?
J.C. Arrunki, bera da zuzendaria, arduraduna. Baina Jean Pierrek beste lanak ere egin behar izan ditu dantzak eta hitzak irakatsi, kantak gidatu. Usu ikusi dut eta aholkuak eman dizkiot. "Zumalakarregi"n bigarren errejenta izan zen eta iragan urteko "Xalbador"en lehen aldikoz bete zuen lan hori.
A. Denbora luzea emate al da pastorala idazten?
J.C. Lan luzea ematen du dokumentatzeak pastorala historiari leial idatzi behar bait da, egiaren arabera Galdegiten eta liburuen irakurtzen ematen dut nik denbora luzea. Dokumentazio hori barneratuta, jokaldiak kronologikoki idaztea ez da zaila.
A. Zenbat pastoral idatzi duzu?
J.C. Bederatzi idatzi ditut eta oraino lau izan dira emanak -"Santa Grazi", "lbañeta", "Pette Basaburu" eta "Zumalakarregi"–. Eta "Santa Kruz" pastoralaz gain, beste lau ditut idatzirik: "David errege", "Judith", "Agota" eta "Maitena Basabürü".
A. Pastoral idazle zaharren ondoren demagun Marzelin Hegiaphal edo zu zeu, ba al da jarraitzailerik?
J.C. Bada hainbat kulturgizon pastoralik idatzi duena Jean Mixel Bedaxagar, Roger Idiart, Pierpol Berzaitz, Jean Louis Davant, eta abar. Ez dut kritikarik egin nahi, baina zuzen behar da atxiki pastoralen legea, eta pastorala besterik ez dela oharterazi nahi dut; esan nahi bait da genero bat dela eta pastoral bat behar dela idatzi, ez ordea kantaldi edo opera baten moduan. Besterik egiten bada, ondo egongo da, Zuberoa aberastuko da, baina ez da pastorala izanen.
Ni prest nago laguntzarik emateko; eta lan baten egiten ari naiz pastoralaren legeei buruz, erakusteko nola behar den egin.
A. Kontrako iritziak entzun dira pastoralaren emanaldiak Zuberoatik landa burutzeagatik. Zer deritzozu?
J.C. Ni beti ados izan naiz ahal bezain heda dadin pastorala. Eta aberastasunik badugu Zuberoan, Euskal Herri osora behar dugu zabaldu. Batzuek ez dute hala ikusten, baina ezin gara atzera beha geratu.
Ritxi Lizartza
42, 43


GaiezKulturaAntzerkiaPastoralak
PertsonaiazCAZENAVE1
EgileezLIZARTZA2Kultura