"Kultura baztertu eta gauza arinegiak egitera jotzen da"
1992ko uztailaren 19a
Amaia Zubiria kantariari elkarrizketa
Amaia Zubiria, kantaria:
"Kultura baztertu eta gauza arinegiak egitera jotzen da"
ARGIA.- Iazko abendura arte "Gure artean geurea" saioa egiten zenuen egunero Radio Nacionalen.
AMAIA ZUBIRIA.- Hasieran etsaiaren etxean nengoela iruditzen zitzaidan. Eta hor bi teoria daude: kanpotik eta beraiei bizkarra emanda lan egin edota etsaiaren barruan sartu eta azpilana egin. Nik azpilana egin nuen, euskaraz egiten dugun guztion moduan. Ez nekien oso zuzen noraino irits nintekeen. Horrela aritu nintzen bi urte eta erdiz, azkenez, Madriletik etorritako murrizpenak zirela medio, saioarekin bukatzea deliberatu zuten arte.
A.- Zer nolako jarrera antzeman zenuen euskararekiko Radio Nacionalen?
A.Z.- Batere arretarik ez dut ikusi. Bat edo beste kenduz gero, beste guztiek ez zuten ezer egiten. Bost axola zitzaien. Ez nuen girorik ikusten. Eta hainbatek gainera betidanik euskaltzaleak izan zirela demostraru nahi zuten, pentsa!
A.- Zure saioa kulturari lotua zen. Nola dakusazu irratiek oro har kuturari eskaintzen dioten tartea?
A.Z.- Irrati kulturala gezurra baino ez da. Irrati kulturalaren inguruko garai bateko ideia erromantikoak pikutara joan dira. Pentsa ezazu beraz, euskara eta horrelako gauzekin zer axola izango duten, bat ere ez. Kultura postmodernoaren atzaparretan bizi gara: saldu egin behar da eta saltzen ez bada ez du balio. Kultura mailako saioak desagertzen ari dira. Nahiz irrati nahiz telebistan. Gauza arinegiak egitera jotzen da. Tontotzat hartzen gaituzte. Irratietan hala ere, zerbait egin nahi da, baina audientzia guztiak magazineetara momen doazela esaten dute, entretenitzera, eta kontuz, bestelako entzule asko ere badaude eta.
47