Eduardo Baringa, ETBko aurkezleari elkarrizketa
Eduardo Barinaga: «Euskal Txirrindularitza Berezia Da Euskaldunak Bereziak Garelako»
ETBk ekainaren 30ean «Euskal Txirrindularitza» izeneko saioaren lehen atala eskaini zuen. Hilabete askotako lana eskatu duen saio honen zuzendaria Edu Barinaga izan da eta berari laguntzen Jon Elortza eta Martin Agirre kazetariak aritu dira, eta errealizadore modura Jon Berlanga.
ARGIA. Zein izan da saio hau egiterakoan aurkitu duzue oztopo nagusia?
E. BARINAGA. Bi eratako oztopoak aurkitu ditugu. Alde batetik, ez dagoela euskal txirrindularitzaren historiari buruz ezer idatzia, ez dugu erreferentziarik izan gauzak objetibizatzeko. 160 elkar hizketa egin ditugu, txirrindulari eta zaletuan artean eta hemendik jaso dugun informaziotik geure ikuspegitik egin dugu saioa. Gero, kazetarien laguntzaz objetibizatzen saiatu gara. Bestetik, irudien arazoa dago. Italian, Estatu frantziarrean eta TVEn ere izan gara eta nahiko zailtasun izan dugu hauek irudiak emateko.
A. Zein ondorio atera duzue saio horretatik?
E.B. Lehenik txirrindularitzaren mundua oso berezia dela, txirrindularitzari alderdi indibiduala eta kolektiboa duela. Baina azken finean txirrindulariak bakarrik hainbeste ordu bizikleta gainean eginez, bere indarraz aritzen dira eta honek berekoiak egiten ditu. Hau elkar hizketetan ere nabaritu izan dugu, beti zalantzan gelditzen zara zegoen guztia esan ote dizuten. Bigarrena euskal txirrindularitza egon badagoela da. Txirrindulari atzerritar askorekin hitz egin dugu eta guztiek diote euskal txirrindularitza bereizi egin daitekeela, baduela bere nortasuna.
A. Zergatik uste duzu ematen dela ezberdintasan hau?
E.B. Euskaldunak bereziak garelako. Adibidez Estatu espainiarreko barnekaldekoak direnak, Arroyo, Delgado...oso gogorrak dira, sufritzen dakitenak eta hori izaeran nabari zaie. Asko kostatu zaienez iritsi diren tokira iristea, gero ere harroagoak dira. Euskaldunak txikitatik ohituak daude eta ez dira harrotzen. Euskaldunak bihotz zabalekoak gara eta txirrindularitzarekin ere gauza bera gertatzen da. Gaur egun ere nortasunez tropelean preziatuenak Marino eta Indurain dira.
A. Nola ikusten duzu euskal zalegoa?
E.B. Txirrindulari guztiak bat datoz esanez mundu osoan ez dagoela euskal zalegoa bezalakorik. Bai kantitatean eta baita kalitatean.
AITZIBER YARZA
61
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazBARINAGA1
EgileezYARZA1Komunikabid