argia.eus
INPRIMATU
Hasier Etxeberria: «Euskaldunak nolakoak garen agertu nahi dugu»
Aitziber Yarza 1992ko ekainaren 28a
Hasier Etxeberriarekin "Beti eskamak kentzen" saioaz
Hasier Etxeberria: «Euskaldunak nolakoak garen agertu nahi dugu»
Uztailaren 2an ETB "Beti eskamak kentzen" izeneko saio berria eskaintzen hasiko da, saio honetan aurkezle gisa Hasier Etxeberria arituko da eta errealizazio lana Koldo Lenizen esku joan da. Hasier erronka berri baten aurrean dago, ETBn beste zenbait saio egiten aritu ondoren.
ARGIA. Nondik sortu zen saio hau egiteko ideia?
H. ETXEBERRIA. Elkar hizketa saio bat egiteko eskatu zidaten, udako saio bat egiteko, eta haren zerbitzura jarri nuen nere irudimena. Ideia but burutu nuen, onartu zuten eta besterik gabe saioa egin genuen.
A. Nolakoa izango da zuen saio berria?
H. E. Elkar hizketa saio bat pertsonen edo gai baten inguruan joan daiteke. Gure saioa gaien ingurukoa izango da. Hamaika saio direnez hamaika gai hartu ditugu. Gai hauek bizitzan presente dauden hainbat atalen ingurukoak dira; fama, alkohola, sexoa, abentura eta abar. Guk ez dugu esan nahi zer den ona eta zer txarra, ez da sakonketa programa. Gai horren inguruko hiru testigantza hurbiltzea da guk egiten duguna. Hiru testigantza guztiz ezberdin hartzen ditugu. Ikuspegi hauetatik ez dugu ona edo txarra zein den adierazi nahi, guztiak bait dira balekoak. Elkar hizketaren tartean bi bideo sartzen ditugu eta hemen bai egiten dugula sorkuntza lana. Lehenengo bideoak kontzeptua eta hitzaren inguruko ikuspegi bat azalduko du. Nahiko literarioak dira, baina arinak, tonu alaian eginak. Bigarren bideoan zifra kontuak azaltzen ditugu.
A. Zergatik jarri zenioten "Beti eskamak kentzen" izena saioari?
H.E. Uda denez, sinbolo bezala arrain bat hartu genuen eta horrekin loturik "Beti eskamak kentzen" kanta doa. Kanta hau "euskotarrak gera gu" esaldiarekin amaitzen da eta gure asmoa erretratu orokor bat egitea zenez ongi zetorkion. Euskaldunak hainbat gairen inguruan nolakoak garen erakutsi nahi dugu, nolabait. Gu ere beste herri eta jendeak bezalakoak garela azaldu.
A. Saio hau egiterakoan zailtasun berezirik aurkitu al duzue?
E.H. Ez, urte dexente daramatzagu hemen lanean eta aurrez bagenekien nora jo. Gonbidatuetan emakume eta gizonezkoen arteko oreka mantentzen saiatu gara eta ez zaigu oso zaila gertatu. Ohizkoa denez Nafarroa, Araba eta Ipar Euskal Herritik jendea hurbiltzeko zailtasunak izan ditugu.
AITZIBER YARZA
69

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazETXEBERRI14
EgileezYARZA1Komunikabid