«Ikusentzutekoekiko politika berria eskatzeko aitzakia aurkit nahi nuen»
1992ko ekainaren 21
Patxi Azpillagarekin Ikusentzunezko Industriaz
Patxi Azpillagak ikerketa lan bat egin du arlo honi buruz
«Ikusentzutekoekiko politika berria eskatzeko aitzakia aurkit nahi nuen»
Ekainaren hasieran, Donostian izan zen Ikusentzuteko Industriari buruzko I Ihardunaldietan aurkeztu zuen Patxi Azpillagak "Ikusentzuteko Industria Euskadin" izeneko ikerketako datu nagusiak. Euskalmedia S.A. erakundearen enkarguz, Euskal Autonomi Elkarteko ikusentzutekoei eta beren industriari buruz egin du lan hau EHUko Komunikazio eta Irudi Saileko irakasleak.
ARGIA. Zertan datza EAEko ikusentzutekoei buruz egin duzun ikerketa?
PATXI AZPILLAGA. Euskalmedia erakundearen enkargua izan da. Lan honetan, Euskal Herriko ikusentzutekoen itxura eta egitura aztertu ditut ikuspuntu ekonomikotik: arlo honen egitura eta pisu ekonomikoa, zer nolako jendea dagoen eta zeintzuk diren euren arteko harremanak. Zeintzuk izan daitezkeen arloko puntu ahulenak eta zeintzuk puntu indartsuenak; ahulenetan iharduteko eta, orohar, politika bat finkatzeko asmoz.
A. Nola itusten duzu industria honen azpiegitura?
P.A. Arlo honek entitate ekonomikoa baduela frogatzen saiatu naiz; eta entitate honek arreta handiagoa exigitzen duela aginte politikoaren aldetik. Alor honetan jende asko dago lan egiten, diru dexente mugitzen da eta bertan inbertitzea ez da dirua galtzea; horren bitartez lor daitekeena eta jadanik lortzen ari dena bertako egitura ekonomikoaren banaketa txikia bait da.
Bere indar ekonomikoa ez da izugarria baina nere ikerketan ateratzen diren datuen arabera, 1990ean ikusentzutekoek Hego Euskal Herrian 17 mila milioi pezeta (850 milioi libera inguru) erabili zituzten eta fakturazio horri dagokion balio erantsia ia 10 mila milioi pezetakoa (500 milioi libera) izan da, ia % 60. Balio erantsi handia beraz. Urte horretan ia 3.000 pertsonak lan egin zuten. Nere ustez, ikusentzutekoetan ezin da arreta jarri kulturaren ikuspegitik bakarrik. Badago kultur garapenaz gain, ekonomi garapena lortzeko aukera.
Bestalde, ikusentzutekoen mundua zinema baino arlo zabalagoa da. Zinemagintza, telebista eta bideogintza aztertu ditut ikerketan. Diru laguntzak eskatzeko baino, ikusentzutekoekiko politika berria eskatzeko aitzakia aurkitu nahi nuen.
A. Euskal Herrian izaten diren bideoaldiek arazo handiak dituztela argi dago. Diru laguntzen murrizketak direla medio alde batetik, eta, bestetik, antolatzaileen ustez lan gutxi aurkeztu eta lanak ez direlako ezagutzera ematen. Zein irtenbide ikusten duzu?
P.A. Sormen bideoa industriatik at geratu izan da beti. Bideo amateurra, zirkuitu komertzialetatik kanpo gelditzen den arlo hau ez dut sakonean aztertu. Jaialdi hauen helburua parte hartzen duen egileen lanak ezagutzera ematea da, euren lehenengo lanak gehienbat. Jaialdiak izan daitezke industrialagoak diren beste produktu batzuk egitera pasatzeko bide bat. Hau da, telebistarako eta zinemarako lanak egiteko jauzi bat. Azken finean, laburmetraiek zineman izaten duten funtzio bera betetzen du sormen bideoak. Laburmetraiak ez dira komertzialak baina badute ikasteko nahiz hezitzeko funtzioa.
Bideo jaialdiek diru laguntzarik gabe ezin dute bizirik iraun. Arazo handiena da laguntzen murrizketa beste zenbait arlotan ere izan dela. Telebistak leiho bat zabaldu beharko lieke horrelako produktuei eta bera izan beharko luke produktu horiek zabalduko lituzkeen agentea. Ez ekoizpena kontrolatuz, baizik eta leiho egonkor baten gisa aritu eta diru iturri bat eskainiz. Horrela posible izango litzateke jendeak egiten diren lan horiek ezagutzea. Bideoak telebistaz zabalduz, modu egonkor batez, ez noizean behin bakarrik. Bideo egileen lanak agertzen diren programa bat izan daiteke bide egokia.
A. Alde ekonomikoaz gain ikuslegoa ere aztertu duzu?
P.A. Euskal Telebistak duena ez dut aztertu. Baina filme euskaldunek izan duten erantzuna oso aldakorra izan da. 43 filme egin badira, arrakasta ikuslegoaren aldetik eta ekonomikoa bostek bakarrik lortu dute.
Joxi Goikoetxea
46-47