Felipe Barandiaran aktorea eta aurkezleari elkarrizketa
Felipe Barandiaran: «Estatuek ekologiaz duten kezka beldurraren ondorio da»
Maiatzaren hasieran hasi zen ETB1ean «Bizia» saioa emititzen. Telebistetan eskaintzen den ekologiari buruzko saio bakanetakoa da eta gaur egun gai ekologikoen gainean zabaltzen ari den kezkaren ispilu da. Saio hau aurkezteko Felipe Barandiaran aktorea aukeratu zuten, eta ekologiari buruz aritu gara berarekin solasean.
ARGIA. .Nondik sortu zen "Bizia" saioa egiteko ideia?
F. BARANDIARAN. Bilbon "Bizia" izeneko ekologiari buruzko aldizkari bat dago eta ideia bertakoei bururatu zitzaien. Bideo produktora batekin eta ETBrekin harremanetan jarri ziren koprodukzio bat egiteko. Aurkezle bat behar zuten eta saioaren nundik norakoak azalduz deitu zidaten. Ideia ona iruditu zitzaidan ekologiari buruzko saioa egitea eta onartu nuen.
A. Zein da saio honen helburua?
F.B. Saioa ekologiari buruzkoa denez helburua jendea kontzientziatzea da. Zein etorkizun dugun eta ingurugiroa denoi dagokigula azaltzea. Zerbait egiten ari diren taldeak animatu nahi ditugu gehiago egin dezaten eta indibidualki ere jendea kontzientziatu nahi genuke. Hau ideala da, baina gero ahal dena egiten da.
A. Erakundeek ekologiaren alde zerbait egiten dutela uste al duzu?
F.B. Zoritxarrez gauza gutxi. Erakundeek badakite ekologia modan dagoela eta, nere ustez, zerbait egiten badute presio horregatik da. Zerbait egitera behartuta daude, baina ezer gutxi. Bestetik, uste dut jendea ere beldurtu egin dela ozonoa dela eta. Honek beldur apur bat sortarazi du, inork ez du mundu honetatik egun batetik bestera joateko gogoa. Ondorioz nazio aberatsak ere kezkatzen hasiak dira. Jendea kezkatuta eta beldurtuta dagoela ikusten ari naiz. Guztia oso konplikatua da, ekologia, pobrezia eta bestelako arazoekin lotuta dagoelako. Nazio aberatsak ekologian dirua jorratzen hasi dira, ez gustoko dutelako, beldurtuta daudelako baizik. Kezka beldurraren ondorioa da.
A. Nola ikusten dituzu Euskal Herriko mugimendu ekologistak?
F.B. Mugimendu ekologistak badute indarra eta nahiko talde daude baina oso gutxi hitz egiten da hauen gainean. Horretarako gu egiten ari garen saioaren modukoak oso egokiak dira. Agian gu egiten ari garena ez da ideala, baina horrelako saio bat beharrezkoa dela argi dago. Beharhada beste modu batera eginda, ez dakit, baina egin behar da.
AITZIBER YARZA
77
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAktoreak
PertsonaiazBARANDIARA2
EgileezYARZA1Komunikabid