argia.eus
INPRIMATU
Eduardo Txillida
"Badirudi gaiztoa izan naizela, betidanik indibidualista izateagatik"
  • Eduardo Txillida aurkezteko ez da ezer behar, bere izenarekin nahikoa bait da. Euskal Herriak izan duen eta duen artistarik arrakastatsuena da. Japonia, Finlandia, Italia Estatu Batuak... denak Euskal Herrira datoz Txillidaren bila eta orain artista berak esan digun bezala "Estatu espainiarretik ere gauzak eskatzen dizkidate". Bere Donostiako estudioan egon gara eta saindutegiko 'bere txokotik' horrela mintzatu zaigu.

1992ko maiatzaren 24a

ARGIA. Zerk bultzatzen du pertsona bat eskulpitzera edo zizelkatzera?

E. TXILLIDA. Grina naturala da eta ume zarenean hasten duzun ibilaldia da. Nere ilobek horrela frogatu didate. Txikiak garenean marrazkiak egitea gustatzen zaigu, baina haurtzaroa eta gero marrazten jarraitzen dutenak, suposatzen dut, horiek artistak direla. Nik txikia nintzenean ere marrazten nuen... jada, ez dut ia gogoratzen...

A. Marraztea eta zizelkatzea ez dira gauza berbera.

E.T. Ez, baina marrazkilaritza da arte plastiko guztien ama, oinarria. Marrazkilaritza eta eraikuntza dira arte plastiko guztien oinarria. Marrazten hasten zarenean, apurka koloreek edo formek interes berezia hartzen dute eta hori artistak garatuko duen bidea izango da.
A. Betidanik oso materiale gogorrak erabili dituzu, zergatik?

E.T. Baina ez dira gogorrak pisuarekiko duten harremanagatik. Nere kasuan kontzeptualagoa da. Materiale horiek lantzerakoan sortzen diren arazoak, pisua, zailtasuna... erabili izan ditut ez grabitatearen garrantzia frogatzeko, nere burua grabitatearen aurka errebelatzeko baizik. Nere lan guztietan grabitatearen aurka errebelatzen naiz.

A. Eta ertzak?

E.T. Ertzek gauzen azken muturreraino heltzeko asmoa islatzen dute. Ahal den guztia arriskatzea da. Grina naturala da... baina, ez pentsa... nik ere ez dakit zer naizen.

A. Azken 20 urteetan eta materialeei dagokienez, aldaketa handiak somatu dtra artista gazteen artean.

E.T. Bai, artista berrien joerak oso errespetagarriak dira baina nik harriaz, burdinaz edo altzairuaz erraztasuna dut. Lurrarekin ere, baina lur gogorrekin. Buztina adibidez ez dut landu inoiz, buztinak nazkatzen materialeak aukeratzen, materialeak aukeratzen zaitu. Nere kasuan behintzat, hala izan du, materialeek aukeratu naute.

A. Estatu frantziarretik bueltatu zinenean gertatu zen aukeraketa hori?

E.T. Bai, bertan urtebete eman nuen eta zoroen pare aritu nintzen baina ez nuen lan bat ere egin. Lehen egindako eta egitea nahi nituen gauzen artean galduta nengoen. Borroka itzela izan zen. Lan egoera ere, ez zen oso ona izan. Nere estudioan ez zegoen berogailurik, hotz izugarria egiten zuen eta horregatik herrikoek Ponpeia izena jarri zioten nere lantokiari, Ponpeiako zaharkinengatik. Eskalapoi laranja batzuk erabiltzen nituen, bertako hezetasunarentzat onak zirelako eta eskuak hazkordiz beteta nituen. Ez nintzen ausartzen nere helburuak betetzen, ezta nahi nituen gauzak egiteko pausorik ematen ere. Lehen egindako lanekin ados nago eta egin nituenean ados nengoen, baina gaur egun ezin ditut lan horiek egin.

Benetan harrigarria da eta uste dut hori artea dela, hau da, lehendabiziko lan horiek ondo egin nituen ez nekielako nola egiten ziren, arteak abentura egoera batean jartzen zaituelako. Estatu frantziarrean nengoela, eta esperantza gabe, ahultasun une bat izan nuen, oso gutxitan izan dudana. Eta konszienteki saiatu nintzen lehengo lanarekin jarraitzen. Printzipioz, hasi nintzenean baino datu gehiago nituen baina ezin izan nuen. Ezin da ezagutzen duguna egin, ezezaguna dena landu behar dugu.

A. Bapatekoa?

E.T. Ez bakarrik bapatekoa, abentura dosi horrek nondik joan behar zaren erakusten dizu, gauzak esaten dizkizu. Orduan, ohar laburrak idazten hasi nintzen. Egun horretan idatzi nuen lehendabizikoa: "Atzoko eskuak ditut, biharkoak falta zaizkit". Benetako krisi latza heldu zen. Piliri esan nion akabatuta nengoela, ezin nuela jarraitu, etxera bueltatzen ginela. Eta Pilik esan zidan, «nola amaitu, oraindik ez bazara hasi?» eta arrazoia zuen. Euskal Herrira bueltatu ginen, baina ez suntsituta, gauza berriak egiteko asmoarekin baizik.

Bestetik, Parisen hartutako informazio guztiaz nekatuta nengoen, museo gehiegi, gauza gehigi ikusi nituen. Baina etxerako bidean, Ipar Euskal Herrira heldu eta itsasoa ikusi nuenean, nere herria aurkitu eta ezagutu nuen. Euskal Herritik atera nintzenean nik ez nekien nor nintzen, baina bueltatzerakoan nere sustraiak aurkitu nituen.

Hernanin egin nuen nere lehendabiziko burdinazko lana. Hasieran igeltsuarekin egin nuen baina eskultura hori beste materiale baterako pentsatuta zegoela banekien eta burdina lantzen hasi nintzen, nere bidea garatzen hasi nintzen.

A. Inoiz ez diozu beldurrik izan espazioari, bolumenei, grabitateari, materialei..

E.T. Ez. Orain adibidez, Japoniarako lan bat egiten ari naiz eta arazo handiak ditut. Guztira 33.000 kilo material dira eta piezak 15 tonako pisua izango du.

A. Sinbolo asko egin dituzu. Euskal Herriko Unibertsitatekoa, Anmistiakoa, Garrasi Isilarena, eta abar. Sistema berdina erabiltzen duzu denetan?

E.T. Bai. azken finean nere lana ere bada.

A. Desberdina al da Anmistia edo Garrasi Isilaren sinboloak egitea?.

E.T. Garaia ere desberdina da. Anmistiako sinboloa duela urte asko egin nuen. Batzordeetako lehendabiziko partaidea izan nintzen eta denak atera zirenean, denak atera bait genituen, batzordeetako gehienak bertatik atera ginen gure helburuak bete zirela uste genuelako.
Bakearen sinboloa egin nuenean beste une bat izan zen, eta arazoa ulertzeko modua era oso desberdina da. Nere printzipioekiko koherentea izaten saiatzen naiz.

A. 0teizaz hitz egitea nahi duzu?

E.T. Ez.

A. Zergatik?

E.T. Gai horretaz ez dut ezer esan nahi.

A Zer gertatu da Txillida Fundazioarekin?

E.T.Ez dakit hori Fundazio bat den. Nere nahi bat da, besterik gabe. Ez dakit zer den Fundazio bat; ez nau kezkatzen.

A. Baina badirudi, Koldobika Jauregiri emandako 3 miloi pezetako bekak, Fundazio hori gauzatu zuela.

E.T. Koldobikari sari bat eman nahi nion. Sari gehiago emateko asmoa dut baina oraindik bila nabil. Oraingoz ez dut ezer zehaztu, nahi bat besterik ez da.

A. Zein da zure iritzia Guggenheim Musceari buruz?

E.T. Guggenheimeko zuzendaria etxera etorri zen eta nik esan nien ez nengoela ados museoaren ideiarekin. Guggenheim posible izango balitz beste gauza batzuei min egin gabe, eskatzen duen esfortzu ekonomikoagatik, aurrera; baina erantzuna erakundeek dute, ez nik. Gainera ez da nere gaia, ni ez naiz politikoa.

A. Baina Txillidaren iritzia garrantzitsua da, instituzio bat zara azken finean.

E.T. Ez... ni oso pertsona normala naiz. Bakarrik egotea gustatzen zait, eta ez daukat horretarako gsitasun politikorik. Ni naizena naiz, eta hori errazena da, baina horrela da. Egiten dudana, egin behar dudalako egiten dut, eta partehartze sozialari dagokionez, beste pertsona batzuk daude ni baino hobeto egiten dutenak.

Egia da Guggenheimean bere lana erakutsi duen euskal artista bakarra naizela, baina gauza bera errepikatuko dizut: horrelako museo bat izatea ona da, soberan dagoen diruaz egiten bada.

A. Artisten artean ere aldaketa bat izan da herriarekiko harremanetan. Egungo artistek indibidulistagoak dira.

E.T. Bai, beno, ni ez naiz aldatu. Badirudi gaiztoa izan naizela, betidanik indibidualista izan naizelako.
Myriam Gartzia

NORTASUN AGIRIA

Donostian jaio zen baina Goierrin dauzka benetako sustraiak. Poltsikoetan ez du inoiz dirurik eramaten. Isiltasuna behar du lan egiteko baina musika asko guztatzen zaio, batez ere Bach eta itsasoek egiten duena. Bere lehendabiziko lana igeltsuan egindako emakumezko soin bot da (1948an) Parisetik etorri zenean bertan egindako pieza guztiek, bi ezik, apurtu egin ziren fruitu kamioi batean zetozelako. "Ni ez aiz argi zuriaren semea; gure argia, argibeltzaren semea naiz" esan digu