argia.eus
INPRIMATU
«Orain politikari lotu behar gatzaizkio, baldintzak aldatzen ari dira eta»
Ixabel Etxeberria 1992ko maiatzaren 17a
Koxe Larre, Garaziko hautagai abertzaleari elkarrizketa
Koxe Larre, hautagai abertzalea Garazin martxoko hauteskundeetan
«Orain politikari lotu behar gatzaizkio, baldintzak aldatzen ari dira eta»
Koxe Larre medikua, joan den martxoko kantonamenduetako hauteskundeetan abertzaleen hautagaia izan zen Garazin. Zenbait aste lehenago, frantses poliziak atxilotu zuen euskal errefuxiatu bat zaintzeagatik. Hala eta guztiz ere, aske geratu bezain laster lanean jarraitu zuen, eta hauteskundeetan herrialde horretako % 30ek bere alde bozkatu zuen, abertzaleak bigarren postuan jarriz.
ARGIA. Zer interpretazio egiten duzu iragan diren kantonamenduetako hauteskundez, bereziki zure euskualdeari dagokionean?
KOXE LARRE. Lehen itzulian harridura nagusi zen. Gure helburua bigarren izatea zen, eskuindarren gibelean. Baina Intxausperen postua astindu genuela eta bigarren itzuli bat egongo zela ikusi genuelarik, harritu egin ginen. Hemen, Intxauspek 30 urte daramatza bere lekuan. Eta aurten eraman duen kanpaina oso azkarra izan da, here emaitzak emendatu nahi bait zituen. Bere helburua botoen % 70 baino gehiagoko emaitza bat lortzea zen, bere burua Departamenduko Kontseiluaren lehendakari gisa aurkezteko.
Bi itzulien artean, igandetik ostegunera, Intxauspe desagertu egin zen. Ostegunean irratiko emankizuna genuen "Irulegi Irratia"n. Bakoitzak ordu laurden bat genuen hitz egiteko. Bagenekien Maitia sozialistak bortizkeriaren aldekoa, EMAkoa nintzela erranez erasotuko ninduela. Ez genuen deus espero Intxausperen aldetik. Guk zuzen jarraitzea erabaki genuen. Lehen itzuliko emaitzak gorde nahi genituen, eta horretarako jendea lasaitu nahi genuen.
A. Ba ote da elementu berezirik emaitza horiek adieraz ditzakeenik?
K.L. Bai, baina lehenik garaipen bikoitza izan dela ulertu behar da. Bi jauntxo desberdinen kontrako apostua zen. Alde batetik Intxauspe zegoen, eta bestetik sozialisten hautagaia eta bere alderdiko arduraduna den Maitia.
Gero, erran dezakegu gauzak aldatzen ari direla hemen. Laborariak kezka txarrean dira. Hemen gehienak artzainak dira. Axuriaren prezioa eta ardi esnearen prezioa direla eta une biziki gogorrak bizi dituzte. ELB sindikatuko arduradun nagusiak hemengoak dira: Frantxoi Irigoien, Iralur edo Berrokoirigoin. Aldiz, ez dugu talde politiko indartsurik, abertzaleak hartuak dira bai ELBn, bai "Irulegi Irratia"n eta politikan ez gara antolatuak.
Hauteskunde garaian iratzartzen gara eta horrelako emaitzak lortzen ditugu. Orain dela 7-8 urte abertzaleak oso gaizki ikusiak ginen hemen Garazin. Ez zen goxo guretzat UDITen garaian. Baina ELBk eta "Irulegi Irratia"k izugarrizko lana egin dute. Bestalde, hemengo merkatariak ohartzen dira gure beharra dutela urte osoan bizitzeko, turismoak ez duela dena egiten.
A. Uste duzu bortizkeriari buruzko jarrera aldatu egin dela jandearengan?
K.L. Gaur egun jendeak denetarik entzuten du bai irratian, bai telebistan. Eta ezagutzen gaituzte. Pantxoa Garat preso sartzen dutela ikusten dutelarik, Grazi Etxebehere ere, ez dute sinesten gu terroristak garenik. Bestalde, gero eta jende gehiago dagoela hunkitua konturatzen dira. Mundu txikia da barnekaldea. Elkar ezagutzen dugu denok. Hemengo jendearentzat garbi dago, nere ustez pertsona horiek preso sartu dituztela ideia politikoengatik, ez gaizkileak direlako.
A. Zer lan mota egitea pentsatzen duzue hemendik goiti?
K.L. Orain, hemen politikari lotu behar gatzaizkio. Baldintzak aldatzen ari dira abertzaleentzat? eta gerta daiteke, heldu diren urteetan, eta behar bada laster, hauteskunde batzuetan irabazle ateratzea. Prest ote gara ardura horiek gure gain hartzeko? Hemen jendea ez da prest alderdi batean sartzeko. Aseak dira telebistan ikusten duten politikaz. Nahiago lukete, nere iduriko, bakoitzak bere sailean lan egitea. Laborariak laborantzako arazoez arduratu eta abar. Hori da hemen gehien garatu behar dugun lana.
Guk hauteskundeak prestatu ditugularik ez dugu alderdirik aipatu. Biltzar bat antolatu dugu, jende guztia gonbidatu, eta bi proposamenen artean nerea hautatua izan da. Ondoren jende guztiak lan egin du gure kanpainaren alde.
A. Hauteskundeen garaian tendentzia guziak bildu behar ote dira?
K.L. EZ dakit batzuk baztertzeko garaian gauden. Kazetarien gerla da hori. Ez dakit eskuindar asko dagoen abertzale munduan, bereziki hemen Garazin. Jakes Aurnagues presentatu zelarik, bozkak alderdi sozialistari kendu zizkion. Neretzat bakoitzak bere lekuan egin behar du lana. Nik Ager errezibitzen dut. Ez naiz ados baina ene ustez ez dira frantsesak, eta gauza anitzetan laguntzen gaituzte. Nik ikusten dut Ximun Haranek zer laguntza ekarri duen Xalbado ikastegira, Munoarendako nortzuk ziren eman zutenak. Hori ere borroka bat da, isilean eramaten dena.
A. Politikan jarraitzeko gogoa duzu?
K.L. Ez nuke sobera luzaz segitu nahi, zure burua galtzeko arriskua duzula ohartzen zara. Denen iritzia entzun behar da. Erraten den gauza bakoitzari kasu egin behar zaio. Gazteei utzi beharko zaie lekua behar
Ixabel Etxeberria
8-9

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakUdalak
GaiezPolitikaEuskal HerrBozketakHauteskunUdal
PertsonaiazLARRE2
EgileezETXEBERRI14Politika