argia.eus
INPRIMATU
Inazio Eizmendi, "Basarri": "Antonio Zabalaren lana ez dugu merezi duen bezala eskertu
1992ko maiatzaren 17a
Inazio Eizmendi idazleari elkarrizketa

Hirurogei urtez hainbat aldizkaritan argitaratutako bertsoak biltzen dira
Inazio Eizmendi, "Basarri": "Antonio Zabalaren lana ez dugu merezi duen bezala eskertu
ARGIA.- Auspoaren Sail Nagusian, besteak beste, zuk han-hemenka kaleratutako bertsoen bilduma egin du Aita Zabalak.
BASARRI.- Hordixe izan da bere asmoa. Gerraurrean, hemeretzi urtez kazetari lanetan hasi nintzenetik egun arte nik idatziz jarritako bertsoez arduratu da. Beraz, "Nere bordatxotik" izenburupean, 1931tik 1991 bitarteko bertso gehienak ageri dira luxozko edizio honetan. Lan handia egin du Aita Zabalak Auspoa sailean, meritu handia dauka. Eta egun lan handi hori behar bezala eskertu ez bazaio ere, zenbat eta denbora gehiago pasatu orduan eta estimatuago izango dira liburuska hauek gordetzen duten altxorra.
A.- Beraz, bapateko bertsoak ez izaki, bertso paperak dira argitaratu dituzunak?
B.- Bai, halaxe da: bertso guzti hauek nik idatziz emanak dira. Izan ere, asko gustatu izan zait plazaz plaza bertso kantari aritzea; baina idaztea ere oso gustoko izan dut. Idatziz gauza sakonagoak paperera daitezke eta neu horren zle izan naiz betidanik. Kantuz, batez ere irtenaldiak, zirikaldiak eta gauza arinak esan daitezke eta gaizki esaka ere aritzeko bide aproposena da. Gainera, errazago barkatzen dira huts egiteak; baina nere ahalegina bertsoa gora ateratzea izan da, lokaztegitik zelaira hain zuzen ere.
A.- Zein alde dago, orduan, egiten dituzun bertsoak eta poesiaren artean?
B.- Bertsoak sakon aldera egiteak ez du esan nahi bertsolaritzaren teknikak uztea. Herri kutsua edo bertso kutsua galdeu gabe, berorien taiuketa zaindu nahi izan dut. Poesiaren teknikak bestelakoak dira. Nik ikusi dudanaren arabera, bi generoak nahasten aritu direnek porrot egin dute. Horretaz gain, goi mailako poesia egin duten euskal idazleak -Lizardi, Orixe, Jakakortajarena...- erabat ahaztu ditu herriak. Eta poesia horiek estimatu egiten dituen intelektual talde txiki batek ez ditu salbatuko. Txirritaren bertso baldarrak ( eta garai hartako euskara mailan eginak, pobreak), ordea, oso ezagunak dira oraindik ere; eta ez Gipuzkoa edo Bizkaian bakarrik, Euskal Herria osoan kantatzen dira.
43

Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Besteak
Gaiez\Kultura\Literatura\Argitalpena\Besteak
Gaiez\Kultura\Literatura\Idazleak\EIZMENDI1
Pertsonaiaz\EIZMENDI1