argia.eus
INPRIMATU
«Nazka egina nago inguruan hainbeste “bakezale” ikusita»
1992ko maiatzaren 03a
Anje Duhalderen «Bakezaleak» lan berria kalean da jada
«Nazka egina nago inguruan hainbeste 'bakezale' ikusita»
Anje Duhaldek, bere azken lanean, gai eta arazo askotaz hitz egiten digu. Horien artean, hala ere, Euskal Herriko egoerak leku berezia du. Horren lekuko, Jon Tapia Irujo euskal presoak idatziriko bertso sorta dago, kantariaren musikaz apaindua ageri dena. Hemengo kontuekin batera, dena den, TomWalts eta George Brassens kantarien bertsioak azaltzen dira.
ARGIA. Zure azken diskoak "Bakezaleak" izena du. Zer adierazi nahi izan duzu izenburu horrekin?
ANJE DUHALDE. Nazka eginda nagoelako inguruan hainbeste 'bakezale' ikusita, 'bakezaleak' omen ditugunak eta gainera demokratikoki horrela deitzen direnak. Sinesterazi nahi digute haiek direla benetako bakezaleak, eta horien kontra daudenak terroristak eta beste direla. Kanta hau egiterakoan, egia esan, ni Errobin ari nintzeneko garaiko giroaz gogoratu naiz, orain hamasei edo hamazazpi bat urte. Ordutik hona gauzak ez direla gehiegi aldutu esango nuke, edota okerrera joan direla. Orduan faxistak zirenek, eta gaur aurpegi demokratikoa dutenek, pakearen irudia darabilte, eta besteoi ukatu egiten digute. Guzti hori salatzeko egin dut.
A. ``Bakezaleak" kanta bi aldiz agertzen da diskoan. Nolatan pieza beraren bi bertsio?
A.D. Bata akustiko samarra egin dut, eta bestea nahiko gogorra. Ideia hori, Neil Young kantari amerikarrarengandik hartu dut, berak disko batean gauza beretsua egin bait zuen. Bestalde, "Bakezaleak" diskoko kantarik deigarriena izatea nahi nuen, eta horregatik jarri dut lanaren hasiera eta bukaeran.
A. Disko honetako hitzetatik hiru, Xabier Amurizak eginak dira. Nolakoa izan da zuretzat berarekin izandako esperientzia?
A.D. Neretzat beste modu batez inplikatzea suposatu du, zeren nahiz eta bertsoak betidanik gustatu, beste mundu batean sartzea izan bait da. Ni entzun izan nauen publikoak ez du zerikusi handirik bertsozalegoarekin, eta bapateko saltoa ematea, beraz, ez zen erraza. Xabier Amurizari esker mundu horretan sartu naiz, eta esperientzia izugarri aberasgarria izan da.
A.Diskoan Tom Waits kantariaren "Jersey girl" piezaren itzulpen bat ageri da. Zer dela eta?
A.D. Tom Waits oso kantari polemikoa da, kanta ederrak eta hunkigarriak egiten dituena. Nik kreatibitate handia ikusten diot, sentimentu piloa. Neri, betidanik, bere lehen diskoko kanta den Jersey girl asko gustatu izan zait, baina ingelesez asko ulertzen ez dudanez, kantu horren esanahia nere modura imaginatzen nuen. Lagun buti itzulpena eskatuta, hitzak oso bestelakoak zirela ikusi nuen: amodiozko istorio sinple, samur eta arrunt bat bait zen. Hain hitz sinplea duen abestia sartuta, guk mitifikatzen ditugun jende horiek gu bezalakotsuak direla frogatu nahi nuen.
A. Disto honetan, George Brassens kantariaren hiru bertsio egin dituzu...
A.D. Aspaldiko istoria da hori. Oso kantari interesgarria iruditu zait beti, oso kritikoa. Bere idazteko era asko atsegin dut, eta hemen sortua balitz, Txirrita barekin konparatuko nuke. Zertarako saiatu beste batek hain ondo egin duena egiten? Horregatik hasi nintzen kanta horiek itzultzen.
A. Disko honetan, zurekin aritzen diren ohizko musikariez gain, Mikel Irazoki, Kaki Arkarazo eta Ferntin Muguruzak hartu dute parte. Zer moduz moldatu zara beraiekin?
A.D. Oso ondo. Mikel Irazokik, esaterako, odol berri asko ekarri du. Bestalde, Kaki Arkarazoren lana oso garrantzitsua izan da, diskoa grabatzeko teknikaria izateaz gain gitarra elektriko guztiak berak jo bait ditu. Nik, diskoa grabatzera sartu nintzenean, gitarrajole bat behar nuen, eta Kaki nerabilen buruan. Egia esan ez nuen pentsatzen hain ondo egokituko zenik musika estilo honetara, denok bait dakigu zein musika egiten duen M-ak eta Negu Gorriak taldeekin. Baina oso ideia zabal eta irekikoa dela erakutsi dit. Bestalde, `Bakezaleak', kantaren bertsio gogorrean, Fermin Muguruzak abesten du, eta indar handia ematen dio berak ere.
Alberto Irazu

Anje Duhalderen azken lanean hamabi kanta biltzen dira.
4

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakDUHALDE1
PertsonaiazDUHALDE1
EgileezIRAZU1Kultura