argia.eus
INPRIMATU
"Irriaren bidetik osatu dugu lan berria"
2021eko uztailaren 16a
Pantxoa Etxegoin, Xirrixti Mirrixti taldeko kideari elkarrizketa

Pantxoa Etxegoin, Xirrixti Mirrixti taldeko kidea:
"Irriaren bidetik osatu dugu lan berria"
ARGIA.- Nondik nora abiatzen da zuen lan berria?
P.ETXEGOIN.- "Gezur Mezur" antzezlana zazpi pasarte labur edo esketxek osatzen dute. Besteak beste, Piarres Laffitte eta Daniel Landarten antzerki lanak hartu ditugu oinarritzat eta, elkarren artean lotura ezarriz, ikuskizun osoa prestatu dugu, hau da, molkatu egin behar izan ditugu antzerki osoa izateko.
A.- Zein gai jorratu duzue?
P.E.- Umorea eta ironian oinarritu gara esketxak aukeratzeko orduan. Nolabait esateko, norbera petzero gelditzea zein erraz den azaldu nahi izan dugu: norbait besteren bat tronpatu nahian dabilela, gehienetan bera tronpatua gelditzen dela, alegia. Irriaren inguruan aritu gara, beraz, oraingoan.
A.- Zein osagarriz baliatu zarete antzezkizuna girotzeko?
P.E.- Antzerkiño hauek oihal huts bat dute ia dekoratu bakarra. Horretaz gaiz, kostuma eta maska bereziak erabili ditugu; lan handia izan da guretzat osagarri hauen erabilpenera egokitzea.
A.- Zuzendaritza artistikoa noren esku utzi duzue oraingoan?
P.E.- Azken bi urtetako bideari loturik, oraingoan ere Eneko Olasagasti hautatu dugu zuzendari. Azken lanetako esperientzia ezagutua, oso pozik gaude taldeari eman dion bultzadarekin. Arras ongi arduratzen da taldea osatzen dugun zazpi lagunon prestakuntzaz.
A.- Horrenbeste urte lanean, zer moduz ikusten duzu taldekideen jarrera?
P.E.- Beno, ez da egoera erraza oraingoa. Izan ere, norberak antolatua du bere bizitza eta familia baten zama dauka. Orain urte batzuok bizi genuen giza egoera erabat aldatu da. Hori dela eta, gero eta zailagoa egiten zaigu entseiuetan elkartu ahal izatea. Beraz, "Gezur mezur" moduko antzezlan prestatu ahal izateak meritu handia izan du.
A.- Eta zeintzu dira irtenbideak?
P.E.- Aukera zuzena da gazte jendea anzterkigintzara hurbiltzen ahalegintzea. Eta horrela, belaunaldi berriak bere esperientziak ekarriko ditu. Bi belaunaldien arteko kontaktua oso aberasgarria suertatu zaigu. Gainera, gure inguruko gazteen aldetik oso jarrera ona aurkitu dugu. Hala eta guztiz ere, egun dugun helburua gure ikastaroetara horren gertu ez ditugun gazteak erakartzea da.
45

GaiezKulturaAntzerkiaJardunaldiaGalarrotsak
GaiezKulturaAntzerkiaTaldeakXIRRIXTI MI
PertsonaiazETXEGOIN1