argia.eus
INPRIMATU
«Bertsoak ez dira inoiz izan informatzeko bidea»
2021eko uztailaren 19a
Xabier Amuriza, bertso paperen mitifikazioaren aurka:
«Bertsoak ez dira inoiz izan informatzeko bidea»
ARGIA. Lehen, bertso paperek eragin handiagoa izaten zuten gizartean...
X. AMURIZA. Gauza asko esaten dira iraganari buruz eta uste dut asko asmatu egiten ditugula. Bertso paperek egunkari gisa informazioa ematen zutela esaten dugunean, ez dut esango gaizki dagoenik, baina hori gehiegi da. Historia osoan dauzkagunak hartzen baditugu eta denak batera jarrita ere guztira, zenbat informazioa biltzen da? Ez lehen, ez orain, ez inoiz, bertsoak ez dira izango informatzeko bidea. Gertaera batzuk, bai erlijiosoak. bai politikoak, gerrazkoak, ohiturak, ezkontza galduak eta bestelakoak; bertsolari batek bere ikuspegitik zerbait kontatu edo eragina lortzeko egokiak zirela ikusi duenean, bere pentsaeraren arabera bota izan ditu. Txirritaren bertso guztiak jarrita ere, zenbat gertaeraren berri ematen digu? Eta Txirrita 80 urtez bizi izan zen, baina berak ez zuen informazioa zabaltzeko egiten. Xenpelarren kasuan gauza bera. Bertso paperak ez ziren horretarako. Bertsolaritza ez da sekula izan herriaren informazio bidea. Lehen, denbora pasatzeko ere behar ziren gauzak eta horretarako bertsoak oso ondo etortzen ziren.
A. Ez dira garai berdinak...
X.A. Gainera lehen ez zegoen ez irrati, ez egunkaririk eta eskasia horretan, bertso paperek funtzio handia bete zuten. Gaur beste erritmoa eta beste bide batzuk daude. Bertsoak ikasi, kantatzeko eta taldean egiteko batez ere, gaurko abiadan ez dago astirik. Gainera, konpetentzia handia dago jendea beste gauza batzuk ikusten edo entzuten dagoelako baina ez informazioa jasotzeko bakarrik, denborapasa gisa ere. Aurreko baserri edo artzai giroan igandeko apaizaren sermoia izan ezik, ez zegoen beste konpetentziarik.
A. Gaur egun, lehiaketetara bakarrik mugatzen dira bertso paperak...
X.A. Beti izan dira lehiaketak haina lehen, orain bezala, irauten zuten bertsoak ez ziren asko. Horietatik gutxi kantatu izan dira, bertsozaleari gustatu zaizkionak. Hala ere, lehiaketetatik kanpo irauteko ez badago kalitaterik alferrikakoak izan daitezke. Baina hori nola jakin daiteke? Txapelketa asko egin, bertso jarri asko prestatu eta handik urte batzuetara zenbat gelditzen diren, guzti hori denborak esango du.
A. Bertsoak zabaltzeko beste bide batzuk badaude...
X.A. Gaur egun, bertso jarri batzuk kantatzen dira ere, modu desberdinez. Nik kaleratu izan ditut diskoak eta badakit batek baino gehiago entzun eta kantatzen dituela. Nik makina bat bertsozale entzun dut hainbat tokitan, Xalbadorren bertsoak kantatzen eta jende gaztea. Txirritarenak kantatzen. Lehen denek zekitela eta ez zekitela apur bat mitifikatu egin dugu. Umea nintzenean gogoratzen naiz bazeudela batzuk bertso jarriak kantatzen zituztenak eta besteek, berriz, soilik entzun egiten zuten.
Buruz zekitzatenak ez ziren mila izaten. Gaur, zirkunstanzia ezberdinak izanik bertso jarrien funtzioak antzera jarraitzen du. Beharbada, egiteko gogoa edo kontzientzia ez da hain handia. Lehen, ez zegoen pentsatzerik bertso jartzaile ona izan ezik, bertsolari handia izan zitekeenik. Egun, bertso jartzaile ona izan ez arren bertsolari handia izan litekeela sartuta dago, eta ni behintzat ez nator bat horrekin.
Garai batean, bi alderdiak oso lotuta zeuden eta orain lehiaketetan gertatzen da horrelako bikoiztasuna: bestela ezagutzen ez diren bertso jartzaileek irabazten dituzte sari gehienak, eta lehiaketak irabazten dituzten bertsolariak ez dira plazan aritzen.
45

GaiezKulturaBertsolaritBesteak
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaAMURIZA1
PertsonaiazAMURIZA1