argia.eus
INPRIMATU
"Topaketak Donostian egingo balira antzerkia indartuko litzateke"
1991ko abenduaren 15
Euskadiko IX Euskal Antzerki topaketak direla eta, Daniel Landart, antzerki idazle eta zuzendariari elkarrizketa.
Daniel Landart, antzerki idazle eta zuzendaria
"Topaketak Donostian egingo balira antzerkia indartuko litzateke"
A. Izan al zara aurten Azpeitiko Antzerki Topaketetan?
DANIEL LANDART. Aurten oraindik ez, lehen aldikoz datorren ostegunean (abenduak 5) joango naiz eta hilaren 14ean ere izango naiz. Egitaraua besterik ez dut ikusi.
A. Zer garrantzi ematen diezu horrelako antzerki topaketei?
D.L. Uste dut oso garrantzitsuak eta beharrezkoak direla. Hala ere, nere ustez, ondo egongo litzateke festibal bilduagoa egitea, egun gutxiagoetan behar bada. Hemen, Ipar Euskal Herrian, beti astebete, bost edo lau eguneko jaialdiak izaten dira baina hala ere, Azpeitiko formula ez dut gaizki ikusten. Garrantzizkoa da topaketa bat egitea, baina Azpeitikoekin dudan errespetu eta adiskidantza guziarekin, horrelako topaketa batek Azpeitia baina hiri handiagoan izan beharko lukeela uste dut, Donostian adibidez edo beste hiri nagusi batean. Egokiagoa izango litzateke. Nahiz eta batzuek, Topaketa hauek garai batean Azpeitian sortu, horrelako jaialdiak behar dute hiri nagusietan eginak izan. Nik konprenitzen dut Azpeitiaren izatea baina Bertsolari Txapelketa adibidez, Donostian egiten da. Gernika, Tolosa eta beste herri batzuetan egiten dira ere finalerdiak, baina finala Donostian egiten da. Topaketak Donostian egingo balira antzerkia indartuko litzateke. Uste dut pentsatzeko eta aztertzeko ganuak direla.
A. Zer iruditzen zaizu aurtengo Azpeitiko Topaketen egitaraua?
D. L. Egitarauan gaurko errealitatea agertzen da. Hobea izan zitekeen, baina bertan, benetan erakusten ahal duguna agertzen da.
A. Nola ikusten duzu antzerkia gaur egun Euskal Herrian?
D.L. Antzerkiak ez du beharbada beste sail batzuek daukaten indarra. Komunikabideetan ez da nahikoa laguntzen. Beste herrialde batzuekin konparatuz, antzezlan asko egin diren arren, euskal antzerkiak ez du azken hamar urte hauetan erdietsi behar lukeen maila eta hori oso damugarria zait. Baina hori gertatzen da azpiegituran ohiturarik ez edo ohitura gutxi dagoelako. Euskal hizkuntzak duen arazo bera da eta gauza guzi hauek lotuak dira. Beste herrialdeekin konparatuz antzerkira joaten den jendea ez da handiagoa ere. Oso nahasiak ikusten ditut gauzak.
Joxi Goikoetxea
45

Gaiez\Kultura\Antzerkia\Jardunaldia\Azpeit topa
Pertsonaiaz\LANDART1
Egileez\GOIKOETXEA7\Kultura