Donostiako Bigarren Ingurubidea dela eta, Astigarragako alkatea den Mikel Zabalari elkarrizketa.
Mikel Zabala, Astigarragako alkatea
"Gure herriak arazo larriagoak ditu"
ARGIA. Zein eragin du Donostiako Bigarren Ingurabideak Astigarragako udalerrian?
MIKEL ZABALA. 1962an Donostiako Plangintza Orokorrean aurreikusten zenarekin antzekotasunik duela argi dago. Bigarren Ingurabidea beharrezkoa dela begibistakoa eda, denok ezagutzen dugun trafiko saturazioari soluzio emateko, baina gure herriak jasaten dituen trafiko arazoak konpontzeko bidea aurkitzea larriagoa da.
A.-Zeintzu dira arazo horiek?
M.Z.- Batetik, Oiartzun eta Hernani lotzen dituen errepidea Astigarragaren erdigunetik igarotzea bestetik. Hernanitik Donostiarako trafiko astuna, inguruan ditugun industrialdeek eraginda. Bi arazo hauei aurre egiteko bidea zera izango da: Oiartzun-Hernani errepidetik datorren trafikoa Petritegi bailara aldera desbideratzea, han bertan Donostiako errepidearekin konexioa eginez; azkenik, bariante berria –Urumeako Bariantea izenekoa eta trenbidea jarraituko duena– eraikiko dugu Hernani-Donostia errepideko trafikoa harantz bidaliz, gure erdiguneari arnas apur bat emateko. Bi soluzio hauek eta Donostiako Bigarren Ingurubide –Galarreta, Florida, Ergobia korredorea–bat egingo dute aipatu Petritegi bailaran.
A. Eta obra handi honek ez al dio kalterik ekarriko Astigarragako bailarari?
M.Z. Beno, egia esan, egin beharreko lanak handiak direnez gero, inguruan izango duten eragina nabaria izango da, baina premiazkoak dira hiru errepideak eta nahitaez egin beharra dago. Hala ere, oraindik ez dugu betarik izan egingo diren bi errepideek ekarriko dituzten kalteak baloratzeko. Arrazoia? Ez direla behin behineko proiektuak baizik egin, eta erabili izan den eskala 1:25000 denez gero, ez direla zehaztasun handiz prestatu. Egingo diren lanek eragin handia izango dute gaur egungo paisaian, eta Astigarragako udala horretaz ere jabetzen da, baina hori da modu bakarra.
Hala ere, ezin ahaztu dugu Astigarragako udalerriak, Donostiako Bigarren Ingurabidea baino lehen arazo larriagoak dituela konpontzeko.
Ritxi Lizartza
25