argia.eus
INPRIMATU
"Txina, Aragoa eta Italiako taldeak ikustea gomendatzen diet helduei"
1991ko azaroaren 24a
Donostiako "Txotxongilo" taldeko Enkarni Genuari elkarrizketa.
Enkarni Genua, Donostiako Txotxongilo taldekoa
"Txina, Aragoa eta Italiako taldeak ikustea gomendatzen diet helduei"
ARGIA. Zein da zure harremana Tolosako Txotxongilo Jaialdiarekin?
E. GENUA. Orain dela bederatzi urte CITek honelako topaketa bat egitea pentsatu zuen eta laguntza eskatu zidan. Kolaboratzaile gisa aritu naiz hasieratik taldeak aukeratzen, kanpoko taldeak ikusten, hemengoak, e.a. Talde on asko ekartzen ditu urtero eta Euskal Herriko haur askok txotxongiloa ikusteko aukera ematen du.
A. Zer nolako maila du jaialdiak?
E.G. Garrantzitsuena talde onak ekartzea da eta horretan saiatzen dira urtero antolatzaileak. Asko kezkatzen dira talderik onenak ekartzeko. Eta urte osoan aritzen dira lanean, informazioa biltzen asko mugitzen dira. Jadanik nik baino gehiago badakite mundu zoragarri honetaz.
A. Eta aurtengo jaialdiaz zer duzu esateko? Zein gomendio ematen diezu ikusleei?
E.G. Dena oso ineteresgarria da, baina aipagarriena Beijing-eko (Txina) talde famatua da. Sekula ez dira Euskal Herrian izan eta ospe handia dute mundu osoan. Nik ez ditut ikusi, baina dudarik gabe oso onak dira. Aipatu nahi nuke baita ere Aragoako Los Titiriteros de Binefar taldearen lana. Charleville- Mezieres-eko jaialdian ikusi genuen. Aragoako folklorean oinarrituriko lan bat eskaintzen dute, hango hizkeran eta zuzeneko musikaren laguntzaz. Helduentzako Italiako Hugo eta Ines taldea berezi nahi dut. Mexicotik ere gauza dotore bat dakargu helduentzat. Baina estatu askotako taldeak datozela ez da ahaztu behar (Ekialdekoak adibidez, Rumaniakoa batez ere) eta Euskal Herriko bi talde ikusteko aukera ere izango dugu.
A. Txotxongilo jaialdi asko egiten da. Zein bereziko zenuke?
E.G. Charlevillekoa monstruoa da, apartekoa. Han biltzen gara mundu honetan gabiltzan guztiok. Italian ere beste bat egiten. Eta hemengoen artean Bilbokoak merezi du aipamena Tolosakoarekin batera.
A. Zure taldearekin zein proiektu duzu eskuartean oraintxe?
E.G. Iaz gure azken obra estreinatu genuen Tolosan eta orain zortzi lan desberdin ditugu. Batzuk lokak haundietarako dira, baina eskoletarako eta horrelako leku txikietara jotzen dugu gero eta gehiago. Bestalde hiru diska kaleratu behar ditugu Durangoko Azokan kantekin eta ipuinekin.
Joxemi Saizar
57

Gaiez\Kultura\Antzerkia\Txotxongilo
Pertsonaiaz\GENUA1
Egileez\SAIZAR2\Kultura