argia.eus
INPRIMATU
«Harrapakari asko dabil euskal mendietan, eta zaletu gutxi»
1991ko azaroaren 10
Imaz Anaiak, sari mikologiko ugariren irabazleak:
«Harrapakari asko dabil euskal mendietan, eta zaletu gutxi»
ARGIA. Zenbat denbora daramazue mikologiaren munduan?
IMAZ ANAIAK Beno, betidanik izan gara perretxikoak biltzearen zaletuak. Baina mikologia mailan ezagupenak lantzen eta abar duela bost urte inguru hasi ginen.
A. Sariak ere irabazi dituzue aurtengo sasoian?
I-A. Bai, Ordizia eta Galdakaokoak irabazi ditugu.
A. Eta zer motatako lehiaketak izaten dira?
I.A. Beno, mota guztietakoak daude. Galdakaon adibidez bost sari zeuden.
A. Eta zuek zer irabazi duzue bost horietatik?
I.A. Hiru sari. Espezie kaltegarrien sariak falta izan zaizkigu.
A. Zer lan eskatzen du mota honetako lehiaketa batean parte hartzeak?
I.A. Lan handia, zeren eta perretxikoak biltzea gauzarik errazena da. Gero, etxera joan eta liburuetan arakatu behar izaten da, bildutako guztia sailkatu ahal izateko.
A. Noiztik zarete Aranzadiko partaideak?
I.A. Lau urte inguru pasatu dira hemen hasi ginenetik. Partaide gazteenetarikoak gara eta esan daiteke beste guztiak elkarteko zati zientifikoa direla. Asko dakite mikologiaz, urte asko daramatzate ikasten eta.
A. Aurten pertsona askok jan dituzte perretxiko kaltegarriak. Zer dela eta gorakada hori?
I.A. Espezie kaltegarrink beti bezala azaldu dira aurtengoan. Aldatu dena zera izan da, jende kopurua. Komunikabideek ere izan dute bere eragina. Aurtengo lehen perretxikoak azaldu zirenean asko zirela eta, leku guztietan eman zen horren berri. Eta honen eraginez, jendea mendira joaten hasi da. Perretxikoak ezagutzen ez dituen jendea ere bai.
A. Zer aholku emango zeniokete orain hasten den pertsona multzo horri?
I.A. Ezagutzen ez duten perretxikorik ez jateko inoiz. Hemen perretxiko mota batzuk besterik ez ziren jaten lehen eta orain aukera asko zabaltzen ari denez, arazoak sortzen dira.
A. Ez al dira oso altuak gaur egun perretxiko batzuengatik ordaintzen diren diru kopuruak?
I.A. Egia esan, oso kaltegarria izaten ari dira. Gaia menderatzen ez duen jende asko mendira joaten hasi bait da. Dirua ikusten dute perretxikoetan, eta jateko onak ez diren espezietako aleak txikitzeko ohitura hartu dute. Harrapakari asko dabil euskal mendietan eta zaletu gutxi. Nola uler daiteke bestela orain sarritan ikusten diren sarraskiak? Espezie askoko aleak hazteko denborarik eman gabe jasotzen dituzte gainera.
A. Zein da perretxikorik preziatuena zuentzat?
I.A. Gorringoa, zalantzarik gabe. Azken hamabost urteetan ez zen ikusi ere egiten, eta aurten azaldu egin da. Oso emankorra izaten ari da aurtengo denboraldia.
Amagoia Iban
28

GaiezGizarteaIharduerakBesteak
EgileezIBAN1Gizartea