«Pertsona gutxi dabiltza ustelkerian, baina beti jende bera izaten da»
1991ko azaroaren 03a
Pepe Rei-rekin bere lana eta ikerketa kazetaritzari buruz
PEPE REI
«Pertsona gutxi dabiltza ustelkerian, baina beti jende bera izaten da»
Pepe Rei, ikerketa kazetaritzan izango da, «Egin»eko taldearekin, Euskal Herrian aritzen den bakarrenetarikoa. Txanponjaleen affaireak, berak deitzen dion bezala, narkotrafikoak eta segurtasun indarrek duten harremanak, Ertzaintzaren usteldurak, eta abar luze batek osatzen dute bere ikerketa lanen zerrenda.
ARGIA. Nola definituko zenuke ikerteta kazetaritza?
P.REl. Askok uste dute ikerketa datu ezezagunen bilketa eta azterketa dela. Datu horiek hortxe daude baina, zoritxarrez, gaur egun kazetaritza mailan oso ikerketa gutxi egiten da. Horren inguruan, azterketa batzuek diotenez egunkarietan agertzen diren berrien %60 prentsa agentzia eta bulegoetatik datoz eta egunkarian bertan, sortzen edo eraikitzen direnak gero eta gutxiago dira, batez ere, salaketa gaiak badira.
Egunkariek ez dute horrelakorik bultzatzen eta Euskal Herriko prentsaz ari bagara, egoera larriagoa da. Egunkari gehienek salaketa egiteko kupoa betetzen dute bide bakar batetik espekulatuz, hau da, polizi bidetik eta ETA eta HBren ingurnan. Euskal Herriko errealitatearen gainontzeko gaiek ez dute oihartzunik.
A. Baina ez al da behar espezializazio handia kontu korronteekin edo dokumentu ekonomikoekin ibiltzeko?
P.R. Bai, espezializazio oinarria beharrezkoa da. Kontuan izan, Euskal Herrian dauden egunkariek gai ekonomikoetan pertsona espezializatuak dituztela baina benetako oztopoa ez da hori. Salaketa egiteko gogorik ez dago, eta batez ere ez daude prest bere ustezko etsaiei, ezker abertzaleari, edozein laguntza emateko. Zenbait salaketa eginez gero, mantentzen ari diren tesi askok bertan behera egingo zuten. Adibidez, narkotrafikoak Estatuko Segurtasun Indarrekin edota Ertzaintzarekin duen lotura.
Ikerketa edo salaketa egiterakoan badirudi, Euskal Herria oso txikia denez, oso ustela dela. Hori gezur hutsa da. Ehun pertsona dira ustelkeri gunea osatzen dutenak baina, askotan pertsona berak daude ustelkeriako arlo desberdinetan. Adibidez, txanponjaleen ikerketan ageri izan diren pertsonak, narkotrafikoan, segurtasun enpresetan edota eraikuntza irregularren prozesuetan agertzen ziren. Botere gunea txikia izan arren, ez dago ikertuta eta, zentzu honetan, beste komunikabideen jarrera larriagoa da.
Gu ez gara erabat espezialistak eta hau autokritika da. Maila honetan ez dut uste Estatu espainiarrean dozena erdi kazetari egongo direnik. Adibidez, nik ez dut ikusten Ertzaintzan espezializatutako kazetaririk eta Ertzaintza gaur egun 4.000 pertsona dira, baina hemendik hiru lau urtetara 7.000 izango dira. Hori mundu aparte bat da. Torturatzen duen jendea dago, narkotrafikoan parte hartu duen jendea edo txanponjaleen affairean egon direnak, eta hortxe daude. Ertzaintzako pertsona kopuru horrek exekutiboa potroetatik harrapatuta dauka. Ertzaintza asko aldatu da eta kontrazentzu asko daude. Esate baterako, Joseba Goikoetxea Sargento Nagusia 6 urteko gaieztapenarekin zigortuta dago entzunaldi telefonikoengatik, eta hala eta guztiz, misio berezien arduraduna da, hau da, narkotrafikoaz, entzunaldi telefonikoez edota eurek antiterrorismo ekintzak deitzen dutenaz arduratzen da. Eta momentu honetan ez dago inor horretaz ikertzen ari dena. Gu, gure espezializazio faltagatik azalean gelditzen gara.
A. Zer dago narkotrafiko eta Segurtasun Indarren artean?
P.R. Narkotrafikoa gai opakoa da, batez ere, Segurtasun Indarrek kontrolatzen badute. Gure aldetik, egin dezakegun ikerketa bakarra ekonomikoa da. Errealitatea eta kontatzen dutena guztiz desberdina da. Adibidez, Iruneko kokaina alijoa ekintza polizial bikaina bezala aurkeztu zen eta azkenean, eta hau Leopoldo Torresek, Estatuko Fiskal Nagusiak onartu du, alijoa euren artean banatzeko asmoa zuten. Leopoldo Torresek berak Gipuzkoako Segurtasun Indarren atxiloketa egin behar zela aipatu zuen eta oraindik ez da ezer egin.
Duela gutxi egin den beste harrapaketa bat Deban izan da. Txapel izeneko gizon bat agertu zen, eta zirkulu batzuetan eskandalu handia eragin du ezker abertzalearekin harremanak izan zituela argitaratu genuenean. Hala egin eta, gaur egun ez dakigu zer gertatu den kokainako 300 kilo horiekin, bertsio ofizialak esaten duena ez dugulako sinesten.
Narkotrafikoa ezkutatutako gaia da, baina erreferetzi puntu batzuk eskuratu ditugu eta ekonomikoki badakigu nola aztertu.
A. Nola gainditzen duzu izaten den hermetismoa?
P.R. Beste bide batzuk daude. Nik onartzen dut Estatu espainiarrean pertsonaren pribatasuna kakazar hutsa dela. Adibidez, NAN zenbaki batekin lor dezakezu pertsona horren seguritate sozialeko egoera jakitea, trafiko egoera, helbidea, kontu korronte batzuk, merkatal erregistroan zerbait duen, Jabegoen Erregistroan zer duen...
Frogatu gabeko iragazketa ez du ezertarako balio. Adibidez, bankuetan lan egiten duen jendea da eta lanpostua arriskatzen duena, baina guk egiten dugunaren kontzientzia daukate eta laguntza eskaintzen digute. Epaile eta fiskal batzuk ere bai. Azken hauei ere, guk informazioa pasatzen diegu, zintzoak eta salaketa egitearen alde daudela jakinaren gainean bagaude. Kontakto hauek emandako informazioak alertatzen gaitu, gure lana hori frogatzea da.
Izan ere, Euskal Herrian ikerketa kazetaritza egitea arrain-haztegi batean arrantzan ibiltzea bezalakoa da. Amua bota eta hirunaka hozka egiten dute, arrantzan gu bakarrik gabiltzalako. Euskal Herrian ez dago kontrol legislatibo edo exekutiborik, eta ezta prentsaren kontrolik ere. Gaur egun, epaile eta fiskal batzuez bakarrik fidatzen gara.
A. Dokumentario iturriak bukatzen direnean eta iragazketarik ez dagoenean, zer gertatzen da?
P.R. Gorde hurrengorako eta itxaron. Pentsatu edozer argitaratu baino lehen, gutxienez, 50 iturri desberdin kontrastatzen ditugula. Askotan, horrelakoak egitea ezinezkoa da eta gaia buruan eduki arren, itxaron beharra dago. Guk salatutako ekintzengatik bi kereila serio jaso ditugu. Bata txanponjaleen inguruan, EAJren enpresa batengandik, Oreretako INSUMET etik, eta epai guztiek gure alde egin dute. Bestea, Rodríguez Galindo Teniente Koronelak jarri digu eta ez gaitu batere kezkatzen dokumentazio guztia dugulako: bere kontu korronteak, etxebizitzak, eta abar. Gure aldetik, bi urtetan pertsona honek 100 milioi pezeta baino gehiago balio duten propietateak erostea guztiz irregularra dela mantentzen dugu.
Oso argi dugu zer den sekretu profesionala eta askotan babestu gara honen pean.
A. Informazioa saldu eta erosten den gauza da...
P.R. Ez, guk ez dugu inoiz ordaindu ezer. Dena den, informazio batzuengatik nik ordainduko nuke. Salbuespenez, eta salbuespena azpimarratzen dut, batez ere informazio hori lortzeko ez badago beste biderik. Baina, fikzio asko dago honen inguruan. Beste komunikabide batzuetan eta beste kasu batzuetan, nik jakin dut askotan, dirua prometatu eta azkenean, ez dela eman prometitutakoaren erdiaren erdia, askotan ezer ez. Gainera, ez dut uste sistema ona denik. Pertsonaren kontzientzia eta salaketaren zentsura bezala joko nuke.
Bestetik, badaude beste komunikabide edota instantzia politiko batzuk, argitara ez dadin, ordainduko luketenak. Adibidez, autobidearen inguruan "Egin"era deitu eta dirua eskatu zigun batek. Ez genuela ordaintzen esan genionean beste komunikabide batera joko zuela esan zigun eta azkenean, aipatu zidan gaiaz ez da ezer agertu. Orduan hiru hipotesi daude, esan zidana bluf bat izatea, beste komunikabideek ez erostea, edota erosi bazuten ere, ez argiratzea.
A. Zertan zaudete orain?
-P.R. Momentu honetan oso gai gogorra dugu esku artean. Guk mantentzen dugu, narkotrafikoa Euskal Herrian kontrainsurgentzia istorio bat dela. Euskal Herrian narkotrafikoa proxenitismoan eta zilegitasunean oinarritutako konfidenteteen sare bat da. Gure lehenengo aztarna ohizko kontaktu batek eman zigun. Horren ondorioz egiten ari garen ikerketak Estatuko Segurtasun Indarrak eta trafiko zilegiaren arteko harremana frogatuko du. Hau da, heroina, eta batez ere kokainako trafiko zilegia maila handietan ematen dela. Jatorrizko dokumentu ofizial eta menbretedun horren arabera Segurtasun Indarren goi mailako pertsona bat sartuta dago. Hortik hasita, beste datu guztiak guk osatu ditugu, harreman komertzialetan oinarriturik. Pertsona baten kontu korrontera heldu eta elkarte anonimo baten izena jakitea falta zaigu. Jatorrizko dokumentu hartan binkulaturiko bi izen aipatzen ziren, eta gaur egun ehun izen baino gehiago ditugu.
NORTASUN AGIRIA
1947an Barbantesen jaio zen
Bere etika profesionala zintzotasuna da
Txonponjaleen affairea bidali zioten fax batekin hasi zen
Nahiz eta jendeari beldurra dioela onartu, bere kontzientzian fede osoa du
Lehen ikerketa lana Vigoko Udalaren inguruan egin zuen
Lan ordutegia 24 ordukoa da, baina askotan deskonektatu egiten da