"Jendeari arte erlijiosoaren hari historikoa eskaintzen diogu"
1991ko urriaren 13a
Donostiako Elizbarrutiko Museoko sortzailea eta kudeatzailetariko bat den Edorta Kortadiri elkarrizketa.
Edorta Kortadi, museoaren sortzaile eta kudeatzailetarikoa
"Jendeari arte erlijiosoaren hari historikoa eskaintzen diogu"
ARGIA. Nola sortu zen mmuseoaren ideia?
EDORTA KORTADI. Betidanik izan dugu halako museoa sortzeko gogoa baina nere ustez hau museoaren hastapena litzateke, oraingoz bilduma garrantzizko bat baino ez eskainiko lukeena. Manuel Lekuona eta Jose Mari Zunzunegi piezak biltzen hasi ziren eta Elizbarrutira ekartzen. Herri txikietatik zekartzaten pieza, koadro, eskultura eta abarrekoak hiltegi batean jasotzen hasi ginen. Toki egokia zein izan zitekeen erabaki eta gero pausuak ematen hasi nintzen eta beharrezko laguntzen bila erakundeetara jo nuen. Elizbarrutiak lurrak eta artelanak jarri dituelarik gainerako hiru urteetan zehar txanponak Foru Aldundiak jarri zituen.
A. Nolakoa izan da museoa antolatzeko izan dituzuen erizpideak?
E.K. Guk jendeari arte erlijiosoaren hari historikoa eskaintzen diogu, eta historkilariek emandako ikuspuntuaren arabera Euskal Herriko erlijioaren historiaren barruan kokatu ditugu bildutako lanak. Une honetan dauden ehun eta hogeitamar piezak diakronikoki hiru bloke desberdinetan antolatu ditugu: Erdi Aroan erromanikoa eta gotikoa, Aro Modernoan errenazimendua eta barrokoa. eta Aro Garaikidean arte garaikidea bera. Oraindik hastapenetan gaude, pieza eta irudi berriak ekartzekotan gara eta aurrikusten dugu inoiz oraingo museoa ere txikia geldituko zaigula eta handitu beharrean izango dela...
A. Azken hamar urteotako joan-etorrian gorahebera handiak izango zenituzten...
E. K. Aretoa egokitzen eta bilketa lanean guk uste baino zailtasun handiagoak izan genituen, artelanak ekartzen, hainbat tokitakoak batez ere. Egun ere bai. Pieza batzuk oso egoera txarrean iritsi dira eta berritzen lan izugarria dago. Txanponak lortzea, noski, beti izan da arazo nagusia, eta aurrerantzean ikusiko dugu nondik atera, Gotzaitegi, erakunde publiko, Aurrezki Kutxa edota hainbat partikularrengandik..., oraindik sortu beharra dago patronato bat...
Patxi Sarriegi
43