argia.eus
INPRIMATU
"Jotzerakoan barrutik egin behar da, bestela alferrik aritzea da"
1991ko irailaren 29a
Maurizio Elizalde txistulariari elkarrizketa
Maurizio Elizalde txistulariek usadio zaharrari eusten dio
"Jotzerakoan barrutik egin behar da, bestela alferrik aritzea da"
Nafarroako Arizkun herrian topatu dugu Maurizio 77 urteko txistularia, bere bizitza osoan zehar makina bat plaza egin dituena txistuarekin. Lehengo igandean, Txistularien Elkarteak antolaturik, Arizkunen omenaldi beroa egin zioten Amaiurko semeari eta elkarteko Urrezko Domina eman zioten Baztango mutil-dantza gehienak hiltzen utzi ez zituenari. Hitz jario etengabean, barne-barnetik isuri dizkigu txistuaren gaineko hainbat aburu
ARGIA. Hastapenetan nork erakutsi zizun txistua jotzen?
MAURIZIO ELIZALDE. Aitak, hamaika urte nituela. Geroztik jarraitu nuen jotzen etengabe, gelditu ere egin gabe eta beti gustora. Gustorik ez badago ez dago ezer egiterik, ezta txistua jotzerik ere. Dudarik gabe aita izan nuen maisu ona.
A. Zure ondotik badatoz erreleboa hartuko dizutenak?
M.E. Bai, Patxi Larralde esate baterako. Gogoz ari dira ondokoak.
A. Desberdintasunik ikusten al duzu zure jotzeko modua eta besteenaren artean?
M.E. Bai, zer edo zer bai, sortzetik datorren zerbait da, sentimendua.
A. Musika eskoletatik datorren jendea nola ikasten duzu?
M.E. Ondo ikasten ari dira, baina beren erara bezala, ez da gure antzekorik, batzuetan gogorik gabe jotzen dutela dirudi, beste erara.
A. Nork markatzen du dantzaren erritmoa, txisiulariak ala dantzariak?
M.E. Txistulariak, dudarik gabe. Dantzariak dantzatu egin behar du, ez besterik.
A. Zer da Mauriziok egin nahi izan duena eta egin gabe utzi duena?
M.E. Egin nahi izan dudana, beti egin dut, horretan lasai nago. Nahi nuen guztia egiten nuen.
A. Ez al zara zure estiloko azkenetako txistulari bezala sentitzen?
M.E. Ez, nerekin ikasitakoak badatoz beste batzuk, haiek ere ongi ari dira.
A. Aurrerantzean ere zuk jotzen duzun moduan jarraitu beharko litzatekeela uste duzu?
M.E. Jotzerakoan sentimendua eta gogoa behar da, barrutik egin behar da, bestela alferrik aritzea da.
A. Zer iruditzen zaizu txistua beste musika tresna batzuekin nahastea?
M.E. Zaila, egin izan dira saioak, baina nik orain arte ibili ditudan txistuekin ez da ez akordeonistarik, ez inor, jotzen ahal duenik.
A. Nahasketa hori orduan, ez da ondo gelditzen zure eritziz.
M.E. Ni saiatu izan naiz, baina alferrik ibiltzea da, txistua instrumento independientea bait da.
A. Zuk orain dela urte asko egiten hasi zinen lana egin izan ez bazenu, zer gertatuko zatekeen?
M.E. Galdua, ongi galdua, hainbat eta hainbat melodia. 1943an hasi nintzen pittaka-pittaka kantak biltzen, aitak erakutsi eta nik ikasiak; mutil-dantzak partituretan jarri behar nituela esan zidan aitak eta baita nik lortu ere.
A. Lan guzti hori egin ahal izateko, buruz ikasiko zenituen...
M. E. Denak buruz. Gero idatzi eta dudarik baldin banuen, txistua hartu eta zuzendu egiten nuen. Ez da lan makala. Gaur ez baziren lan horiek egin, denak galduta zeuden. Baztango abestiak biltzen, ez da beste inor atera lan hori egiten. Gusto eta pazientziarekin egin nituen nik, gusto eta astiarekin.
A. Hasi zinenean oinarri musikalik izan bazenu, txistulana izango zinatekeen.
M.E. Seguraski bai, barrutik ikusi bait dut nere afizioa. Baziren lehenago ere bestelako txistulariak, baina nere kasuan gehiago da barrutiko gogoa.
A. Garai hartako prestakuntza musikala zeukatenak normalean organistak izaten ziren...
M.E. Honetarako nik gogorik ez. Gazte-gaztetik izan nuen txisturako gogoa eta halaxe egin nuen.
A. Zer desberdintasun daude Baztango eta Euskal Herriko beste tokietako melodien artean?
M.E. Baztangoak, nik esan nezake, ohitura zaharragokoak direla. Herri askotan zehar ibili naiz, eta melodiak eta dantzak batetik bestera beti zer edo zer aldatzen dira.
A. Zein izan da oinarrian zure lorpena, aitarengandik ikasitakoa erakustea edo zeure ekarria ikasleei ematea?
M.E. Nik berritu egin dut, perfekzionatu, batzuetan tonu desberdinean. Aita ohitura zaharrekoa zen.
A. Desberdintasun asko daude Baztango mutildantzen artean?
M.E. Hamasei dira eta denak dira desberdinak. Hori argitzea zaila da. Ikusi egin behar horretarako.
A. Mauriziok egindako lana interpretatzeko gauza al gara?
M.E. Nik uste baietz, ari direla esango nuke. Gure musika berdina da beti, eta hala behar luke, nahaste borrasterik gabe. Gaur egun honelako gehiegi dago, eta zoritxarrez lehengo dantza zaharrak akitu dira.
Patxi Sarriegi
"Txistua jotzea sortzetik datorren zerbait da".
"Gazte-gaztetik izan nuen txisturako afizioa".
42-43

Gaiez\Kultura\Musika\Musika trad\Txistua
Gaiez\Kultura\Ekitaldiak\Omenaldiak
Pertsonaiaz\ELIZALDE2
Egileez\SARRIEGI1\Kultura