Mattin Treku bertsolariaren omenaldia dela eta, Euskal Kultur Erakundeko Daniel Landarti elkarrizketa.
Daniel Landart, Euskal Kultur Erakundekoa
"Publikoa aldatu egin da»
ARGIA. Mattin, irriaren erregea?
DANIEL LANDART. Iparraldean behintzat Mattin zutitzen zelarik bertso bat kantatzeko, bere gorputzak, bere kurritzeko manerak, hori guziak jadanik piska bat irria sortarazten zuen. Horretan uste dut teatrolari lana ere landu zuela. Baina, bere bertsoetan gai serioak irriarekin itzulikatzen zituen baita ere. Nahiz eta denok badakigun arriskugarria izan daitekeela eta batzuetan, urrunegi joan zela.
A. Hil ote da bertsolaritza Iparraldean Mattin eta Xalbador joan ondotik:
D.L. Ez dut batere uste. Baditugu oraindik bertsolariak, eta izanen ere. Xalbadorren liburuak, bereziki, irakurtzen ditugularik, harrituak gelditzen gara; baina ez pentsa hasierako Xalbador bertsolaria, azken urteetako bera zenik. Eta gure beste bertsolarietan, ez dut izenik emanen, badira ere onak.
Orokorki hartuz, bai Iparraldean eta bereziki Hegoaldean, azken urteetan bertsolariak urrats handiak egin ditu. Gaurko bertsolariak, aurrekoekin konparatuz hobeak direla uste dut.
Publikoa gainera aldatu egin da. Publikoak biziki kasu gehiago egiten dio bertsolariak esandakoari. Hortakotz, gaur egun bertsolari izatea askoz ere zailagoa da, duela zenbait urte baino.
A. Mattinek ez zuen maite bertsoak idaztea, zergatik?
D. L. Lehendabizi, lan zaila izaten delako. Hala ere, «Etxe xokotik dantzari" liburuan, bertso politak badira. Konparatzen badugu «Ahal dena" bere lehen liburuarekin, han hemenka kantatu bertsoak, Aita Zabalak liburura aldatuak; azkenekoak hobeak dira, hots, idatzitakoak. Eta bigarrenean idatziak dira, kantatuak baino.
A. Pastoral bat idatziko ote da inoiz, Mattinen gainean?
-D.L. Nork erranen zuen bat izango zela, Xalbadorrez?
A. Zer diozu omenaldiaz, tenorean heldu zaio?
D. L. Beti kasu egin behar zaio omenaldi hitzari. Hala ere iruditzen zait hamar urteren buruan, Mattinen ohorez egun batzu muntatzea aberasgarri dela; ez atzera begiratzeko, duela hamar urtekoari atxikitzeko baino. Gauzak poliki egiten badira, bai mintzaldi, bai erakusketa, bai harri baten lantzea... Eskultore batek hilabeteak pasatu ditu lan txukun bat prestatzen, Herriko Etxeak baratze bat eskainiko dio harri horri, liburu bat agertuko da bestalde. Beraz omenaldi hori aberasgarria da kulturarako. Omenaldiek hori izan behar dute.
Mikel Asurmendi
47