Iparraldeko "Gure Irratia"ko Maritxu Telletxearekin
Maritxu Telletxea: «Estudiotik ateratzeko dinamika falta dugu»
Abenduan hamar urte beteko dira "Gure Irratia" bere lehen irratsaioak egiten hasi zenetik. Bertan aritu direnak eta egun dihardutenek badakite diruz larri ibiltzea zer den edota egoera zailei aurre egiten. Abuztu partean bada ere, zorionak lerrootatik.
ARGIA. Konta egidazu nolakoa izaten den egun normal batetako programazioa "Gure Irratia"n.
M. TELLETXEA. Goizetan berriketaldi batzuk izan ohi ditugu Lapurdiko herri batzuetatik. Ondoren "Aroak", "Berriak" eta "Agiriak" egiten ditugu, bederatzi t'erdiak arte. Bestalde ordubatak bitartean bada normalki emankizun bat musika eta eguneroko gertakari batzuekin. Arratsaldean musika izaten da bakarrik, berriak berriz eman arte. Goizeko berriketaldiak errepikatu ondoren, Euskal Irratia jartzen dugu gauean.
A. Zein da "Gure Irratia"k egun duen arazorik nagusiena?
M.T. Jadanik dirua, diru gehiagorekin gauza gehiago egiten ahalko litzateke. Bestalde irratia ez dela aski ateratzen, ez garela aski ateratzen jendearengana irratsaio batzuk egiteko. Hori falta da nere ustez. Piska bat estudioetatik aterako gaituen dinamika falta dugu, jende guztiarekin lan egiteko.
A. Dirua aipatu duzu. Zeintzuk dira zuen diru sarrerak? Laguntzarik jasotzen al duzue?
M.T. Entzuleek eta euskal erakundeek ematen digutena izaten da gehienbat. Kontseilu Orokorrak orain arte ez digu sekula ezer eman, zentzu horretan beste bi irratiekin Kontseilu Orokorrari galdetzen saiatuko gara, nahiz eta jadanik galdetu diegun eta ez dugun inoiz ukan. Dugun dirua justu da materialarentzat eta langileentzat. Gehiagorako ez.
A. Iparraldean hiru irrati euskaldun diharduzue, ETBko seinalea ez omen da gainera ondoegi hartzen. Zuen lana bertako euskal giroan benetan kontuan hartzekoa da...
M.T. Bai, nere ustez bai. Adibidez "Gure Irratia"n bakarrik euskara onartzen dugu, eta ondorioz ez dugu inongo emankizunik frantsesez egiten. Hori inportantea da niretzat. Hemengo euskal giroa azkartzeko bide egokia da.
A. Zenbat urte dira "Gure Irratia" emititzen hasi zenetik?
M.T. Aurten hamar urte eginen ditugu, abenduan. Seguraski ekitaldiren bat antolatuko dugu ospatzeko. Hamar urte hauetan egin den lana garrantzitsua izan dela uste dut.
ALBERTO IRAZU
69
GaiezKomunikabidIrratiaHala Bedi
PertsonaiazTELLETXEA1
EgileezIRAZU1Komunikabid