argia.eus
INPRIMATU
"Espedizio guztiei ezin diegu dirua eman"
1991ko abuztuaren 04a
Euskal Mendizale Federakundeko diru laguntzak direla eta, bere lehendakaria den Paco Iriondori elkarrizketa.
Paco Iriondo, Euskal Mendizale Federakundeko lehendakaria:
"Espedizio guztiei ezin diegu dirua eman"
ARGIA. Euskal mendizaletasuna gorantz doala diote. Zer dio Federakundeak?
PACO IRIONDO. Garbi dago espedizioak goraka doazela. 1984ean Martin Zabaleta Everesteko gailurreraino heldu zenetik urtero antolatu izan dira Himalayarainoko irteerak. Aurten ere badaude dozena erdi espedizio oso gogorrak.
A. Espediziokide guztiek dirua lortzeko zailtasunak aipatzen dituzte.
P.I. Guk federazio bezala politika bat jarraizten dugu. Diru laguntza eskatzen diguten espedizio guztien zailtasunak neurtzen ditugu eta gure ustez garrantzizkoenak direnek jasotzen dute dirua. Denei ezin diegu dirua eman, ez bait daukagu nahikoa. Aurten bostek jasoko dute dirua.
A. Federazioaz aparte ere oso zaila da dirua lortzea.
P.I. Lehen samurragoa zen. Gaur egun askoz ere jende gehiago ibiltzen da mendian, eta Diputazioak, Federazioak, bankuek edo edozein esponsor motak dirua eman behar badu, publizitatea eskatzen dute, trukeko zerbait. Horregatik nahi izaten dute espedizio zailak esponsorizatzea.
Gaur egun erraza da espedizio baterako jendea bilatzea, zailena dirua lortzea da. Horregatik antolatzen dira "espedizio arinak", merkeagoak diralko, ez errazagoak.
A. Eta zein mendi ateratzen da garestien?
P.I. Everesta, dudarik gabe. Bertara igotzeko baimena oso garestia da, txinatar gobernuari ordaindu behar izaten bait zaio dirutza bat. Portadoreak ere oso garesti ateratzen dira, gehiago behar bait dira.
A. Zer egiten du federazioak subentzioak banatzeaz gain?
P.I. Gehien bat gauzak erraztu mendian ibili nahi duenari. Informazioa eskaintzen dugu, eta mendizaleek egin behar izaten dituzten betebehar burokratiko guztiak ere gure bidez egiten dira.
Myriam Gartzia
Amagoia Iban
42

Gaiez\Kirola\Mendizaleta
Pertsonaiaz\IRIONDO6