argia.eus
INPRIMATU
"Beti mantentzen da gailurraren sindromea"
1991ko abuztuaren 04a
Kanchenjungako gailurra lortu nahian Mari Abrego mendizaleari elkarrizketa.

Mari Abrego:
"Beti mantentzen da gailurraren sindromea"
ARGIA. Everesteko gailurra lortzeko lau saio egin eta gero, aldi baten edo, guztiz baztertu duzu berriro ere saiatzea?
MARI ABREGO. Ez dakit guztiz baztertu dudan ala ez, ez dut inoiz izan Everestera joateko ilusio berezirik baina argi dago Kangchenjungako gailurra lortzea oso garrantzitsua dela guretzat, gailur hori lortu behar dugu.
Dena den, jendeak baloratzen duena gailurra lortu duzula da. Zein bide jarraitu duzun, ez zaie axola. Gure planteamenduak beti izan dira Everesta baina inoiz ez bide arruntetik, baldintza zailagoetan baizik, ikusgarriagoetan esango nuke. Baina azkenean, erizpide hauek ez dute ezertarako balio kanporantz begira.
A.Ez zaitut oso animatua ikusten.
M.A. Ez, gauzak erraztu beharrean, okertu egiten direlako. Laster aterako gara eta ez dugu lortu aurrekontuaren erdia ere. Euskal Herrirako garrantzitsua den kirola honek ez ditu jendeak uste dituen laguntzak. Eta ez da neregatik, baizik eta nire atzetik datozenengatik. Pena ematen dit Everestera ez bazoaz laguntzarik ez jasotzea. Baina beti mantentzen da "gailurraren sindromea". Gure benetako helburua gailurra lortzea bazen, beste proiektu mota aukeratuko genuen, beste mendi errazago bat, baina gure betiko erizpidea mantentzea nahi dugu. Dena den, gizarteak zugan eragin zuzenak ditu, ez frakasatu bezala kalifikatuz, baina bai ez dakit zein menditara joan zarela berriro ere eta gailurra ez duzula lortu. Benetan zaila egiten zait kirola hau bizitzea eta publikoarekin tratatzea, areago mendizale batzuek ulertzen ez dutenean.
A. Erronka pertsonala bihurtu da Kangchenjunga?
M.A. Bai, benetan diotsut guretzat beharrezkoa dela gailurra lortzea. Hirurok aldi txarra pasatzen ari gara eta normalean mendizaletasuna erronka pertsonalez osatutako kirola bada, gugan, gaur egun, erronka pertsonal hori askoz ere nabarmenagoa da.
38

Gaiez\Kirola\Mendizaleta
Pertsonaiaz\ABREGO1