Donostiako "Miner" txirrindularitza dendako Jose Luis Minerri elkarrizketa.
Jose Luis Miner, Donostiako Miner Txirrindularitza dendakoa
«Bezeroa marka bila etortzen zaigu»
ARGIA. Nola zehaztuko zenituzke kirol erropak dituen berezitasunak?
JOSE LUIS MINER. Kontzeptu ezberdinak nahasten dira kirol erropak duen erabileraren gainean. Bi nagusiki. Alde batetik kirola konkreturen bat praktikatzeko balio duena eta horretarko bakarrik erosten dena, eta bestetik kirola egiteaz gain kalean eramateko ere hartzen dena. Gazteriaren zati bat, batez ere, oso identifikatuta dago gure artean "sport" ezagutzen den estiloarekin eta kirol erropa aukeratzen du eguneroko jazkirako.
Zenbait kirolatan derrigorrezkoak izaten dira jazki batzuk jolastu ahal izateko, eta beste hainbatetan lehiaketetan parte hartzeko exijitu egiten dute halako jazki konkretua. Adibidez, pilotariak ez dira inoiz galtza motzetan azaltzen
A. Produktuaren prezioan kalitatea eta markaren artean dagoen erlazioa orekatua dela iruditzen zaizu?
J.L.M. Nere eritziz bai, zalantza izpirik gabe. Produktuari ateratzen zaion balio erantsi horretan gauza askok egiten dute. Lehengaiaren kalitatea, noski, garrantzitsuena da. Baina ez hori bakarrik; kirolariaren sponsorizazioa, diseinua... gauza asko daude kontuan hartu beharrekoak. Hemen inork ez dio inori iruzurrik egiten.
A.Bertako produkzioa nola ikusten duzu? Konpetentziarik egiterik ba al dute kanpoko multinazionalen aurrean?
J.L.M. Gero eta zailago daukate bertako lantegiek. Merkatal askatasunean ia egunoro mugitu beharra dago. Esate baterako, Estatu espainiarrean bakarrik 127 bizikleta marka desberdin daude hortik atera kontuak. Bezeroa oso markazalea da eta kanpoko etxeak kalitate beretsuan prezio merkeagoan sartzen badira, guk zer egin behar dugu horren aurrean? Produktuaren diseinuan ere asko ikertu beharra dago eta ez daukagu ohiturarik horretan. Kalitate hobea emateko oraindik abdugu non ikasi. Konpetentzia librean merkatuak agintzen du. Ez dago lo hartzerik. Baina areago, konpetentzia libreak prezioak jaisten ditu.
A. Marka bila joatea txarra al da?
J.L.M. Nere eritzirako ez, eta bezero asko horrela etortzen zaigu.
Produktuaren kalitatea markaren arabera dator, hori horrela da ikusi nahi ez badugu ere, eta hori ordaindu egiten da.
Patxi Sarriegi
Ritxi Lizartza