argia.eus
INPRIMATU
"Geroari buruz baikor gara"
Ixabel Etxeberria 2007ko otsailaren 21a
CDFTko Nafarroa behereko idazkari nagusia den Sauveur Baxori elkarrizketa

Sauveur Baxo, CFDTko Nafarroa behereko idazkari nagusia
"Geroari buruz baikor gara"
ARGIA. Azken urteetako aldaketa ekonomikoaren historia laburra egin dezakezu?
SAUVEUR BAXO. Hemen, Donapauleko kantonamenduan, laborantza biziki azkar da, ekonomian lehen lekua du, hirurogeigarren hamarkadan garapen handia izan zen eta laborantzari lotutako Lur Berri bezalako enpresak sortu ziren. Gaur egun laborantzak arazo biziki larriak dituelako horri lotutako sektore guztia kezkatua da eta gainera ondorio txarrak jasaten ditu.
Bestalde ekonomia orokorra aipatzeko, Ipar Euskal Herian eramana izan den garapenetik nolabait baztertuak izan gara, bideetan aldaketa inportanteak badaude, baina gure eskualdean ez da bide berririk egin, eta arazoak sortzen ari diren momentoan ditugun baldintzak ez dira lagungarriak.
A. Nola esplikatzen duzu emana izan den erantzuna eskualde osoan?
S.B. Hemen baditugu herrian bizitzeko gogoa duten gazteak eta hori azpimarratzekoa da, zeren horri esker ere egoera larri baten aintzinean jendeak bere ikuspuntua entzun arazi du, eta aurre egiteko prest agertu da. Beste leku baztuetan ez da horrelakorik gertatzen.
A. Urtarrilaren 18an "kantonamenduko etorkizuna" elkarteak antolatu zuen manifestaldian hautetsiak ere parte hartu zuten, horrek ekarri ote zituen bere emaitza onak?
S.B. Bai, karriketan agertu ziren, baina nik uste beste aterabiderik ez zeukatelako. Eskatu genien etortzea, mobilizaen polit bat sortu zen eskualdean eta beraz ez balira agertu egun horretan jendearekin batera, bozemaileek ondorio zuzenak atera zituzketen.
Geroztik hautetsi ainitzekin bildu gira, adibidez Destrade jaunarekin, alderdi sozialisteko arduraduna, berak eskaturik gainera, baina momentuko ez dugu inongo erantzunik izan, hiru hilabeteren buruan. Baionako auzapezarekin bildu gara ere, bera bait da Kontseilu Orokorreko presidentea, eta bide berri bat eraikitzea, Donapaule eta autopista lotuko duena, agindu digu. Horrek komunikazioak erraztuko lituzke bederen.
A. Afera guzi horretan erran daiteke estatuaren ardura inportantea dela...
S.B. Bai EDFek Donapaleutik joatea erabakitzen duelarik eta bere zerbitzuak moldatzea Ortez eta Donapaule artean, izan diren mobilizapenak kontutan hartu gabe, eta jakinez EDF, hori da argindarrarenenpresaren akziodun nagusia estatua delarik, garbi dago horren gibelean erabaki politiko bat badagoela. Lortu dugun EDFk ateratako txosten batean irakurri dugu beren ustez gure eskualdeak ez duela etorkizunik ez bada turismoarekin lotutako aktibitateetan. Ondorioz pentsatzen dute datozen hamar urteetako beren presentzia ez dela beharrezkoa, baina segurtatzen digute zerbitzu berdinez baliatzen ahalko garela hala ere. Hori ezin sinetsia da, hemendik joaten badira arazo bat sortuko delarik ez digute laguntza berdina eman ahalko. Hemen aintzina joateko gogoa nabari da, zerbitzu publikoek eman dezaketen laguntza ttipiena da jadanik dagoen azpiegitura bertan uztea.
Ixabel Etxeberria
32


Gaiez\Ekonomia\Lana\Langabezia
Pertsonaiaz\BAXO1