Orioko arraunlarien entrenatzailea den Jose Luis Kortari elkarrizketa.
Jose Luis Korta, entrenatzaile berria:
"Aurtengoa azken urtea arraunlari bezala"
ARGIA. Zu aurten etorri zara Oriora.
J.L.KORTA. Bai, nire azken urtea hemen 1972a izan zen. Hemen izan nituen arazo batzuengatik Lasarteko Michelinera joan nintzen, non hamaika denboraldi egin nituen, Zierbena izan zen jarraian nire taldea.
A. Eta zu hona etorri zinenean entrenatzaile edo arraunlari gisa sinatu zenuen?
Michelinen egon nintzenetik bi gauzak egiten ditut. Eta hemen ere berdin.
A. Zer dela eta dago hain jende heldua zure taldean?
K. Ez da hainbesterako. Aurtengoan bi "beterano" dabiltza nirekin. Momentuz traineriletan, bateletan oso paper ona bete ondoren. Gainontzekoan jende gaztea daukagu. Batazbesteko adina ez da hain altua. Urteak gora urteak behera, emaitzak onak dira orain arte, eta hori da garrantzitsuena.
A. Eta gazte jendea?
K. Ez zaigu falta. Eta aurten lortzen ari diren emaitza onen ondoren gazte gehiago animaztea espero dugu.
A. Iaztik zer aldatu da taldean emaitza hauek emateko?
K. Ondo hasi gara, egia da. Ni etorri naizenetik zerbait aldatu bada zera izan da, iaz banku mugikorra soilik lantzen zen bitartean aurten batelak eta trainerilak ere prestatu ditugula.
A. Eta entrenamenduak? Zerbait aldatu al dira?
K. Nire ustez desberdintasun bakarra arraunlariek jartzen duten gogoan dago. Motibazioa da garrantzitsuena eta uste dut aurten lortu dugula.
Zer iruditzen zaizu aurtengo babesle berria?
K. Zer esango dut Ba? Beraiek dirua emateko jarri zuten baldintzetako bat ni entrenatzaile izatea zen. Gainera, horretaz aparte, horrelako babesle bat aurkitu behar dela esan behar da, material eta mantenimendu gastuak bestela ezin bait dira estali.
A. Michelin eta Orioren arteko garai bateko pikeak galdu egin direla dirudi.
K. Bai, eta egia esan nahiagoko nuke oraindik ere iraungo balu. Pasaiako bi untzien artean ematen dena, adibidez, oso onuragarria da beraientzat.
A. Amateurismoaz hitz egin daiteke oraindik arraunlaritzan?
K. Bai, zeren eta jasotzen den diru bakarra sariei esker da, eta horrek ez du normalean urte osoko gasturik estaltzen.
A. Eta aurtengoan?
K. Trainerutan irabazi, ahal bada. Eta ezin bada, aurrean egon behintzat. Nire azken urtea izango da arraunlari bezala eta ea zer gertatzen den.
Amagoia Iban
29