argia.eus
INPRIMATU
"Musika haurrari begira jarri dugu"
1991ko ekainaren 16a
Txirula Mirula Musika Hezkuntzarako Sailtokiaren sortzailea den Imanol Urbietari elkarrizketa.

Imanol Urbieta, Txirula Mirula Musika Hezkuntzarako Sailtokiaren sortzailea
"Musika haurrari begira jarri dugu"
ARGIA. Nola sortu zen Txirula Mirula Musika Hezkuntzarako Sailtokia?
I. URBIETA. Orain dela 20 urte ni bezalako askok konpromezua hartzea erabaki genuen euskal kulturaren heziketa nolako egoeran zegoen ikustean. Garai hartako konpromezu laboralak utzi nituen eta onena maisua izatea zela pentsatu nuen. Hor bazegoen aukera, hain zuzen musika euskalduntzea, eta euskal izaera, euskal kultura aurrera ateratzea. Ez bakarrik, musika lantzea arte bezala, kontserbatorio gisa edo, baizik eta haura bere heziketan laguntzeko bidea balitz bezala. Musikari begira jarri beharrean, musika haurrari begira jarri dugu.
A. Zein da umeen erreakzioa musika ezagutzerakoan?
I.U. Kontutan izan behar dugu haurraren komunikazio beharra. Umeak bere erritmoa, bere pultsazioa du, bere berea du. Bere erritmo horrek esaten dio besteekin bat egitea oso larria dela, baina hala ere umeak aurre egin behar du eta umeari lagundu behar zaio aurrera egiten. Hau da gure sistemaren gunea, hau da, haurra nolakoa den asmatzea. Nolako pultsazio, nolako nortasuna duen gizarteratu edo eskolaratu aurretik. Musikaren bidez haurrekin bat egiten gara. Musikak duen erritmoaz haurra komunikatzen da.
A. Beraz, musika komunikazio tresna bat da, eta ez azken helburua?
I.U. Musika da haurrak eta guk hitz egiten dugun hizkuntza amankomuna. Haurrak bere erritmoa erakusten digu eta guk bere erritmoa erakusten digu eta guk bere erritmoa erabiltzen badugu komunikazioa oso erraza da. Baina gure helburua ez da haurra hemendik ateratzen denean "zuk bibolina jo behar duzu" edo "pianoa jo behar duzu" erabakitzea.
Bi oinarri ditugu Txirula Mirulan, bata euskararen berezitasuna eta bestetik musikoterapia edo psikomotrizitateko ariketen bidez haurra laguntzea. Haurrarentzat amaren hitzak musika dira, gure hitzen doinua musika da, haurrak melodia baino lehenago gure hitzen grazia eta gure erritmoa sentitzen duelako. Euskarak, pentsa, zenbat erritmo eta musika dituen.
Myriam Gartzia
27

Gaiez\Kultura\Musika\Irakaskuntz
Pertsonaiaz\URBIETA4