Hasier Etxeberriarekin ETBko "Farenheit" saioaz
Hasier Etxeberria: «Kulturaren kontsumoa ez da gauza hedatu bat»
Kulturaz dagoen ezjakintasuna handia da, eta telebistak ezer gutxi laguntzen du berau zabaltzen. ETBk arte plastikoei eskeintzen dien programa bakarra, "Farenheit" hain zuzen ere, astearte gaueko 11.20etan izaten da, eta hori ez da kultura promozionatzeko modurik egokiena. Dena den hor ibiltzen da Hasier Etxeberria hain ezezagunak diren gauza horiek azaldu eta zabaldu nahiean
ARGIA. Zer dela eta jarri "Farenheit" izena?
H. ETXEBERRIA. Izenarena aspaldiko kontua da. Batetik Bradburyren liburua eta Truffauten pelikula omentzeko asmoa dago, eta bestetik garai hartako ETBn izen guztiak Plaza-Berri edo Arkuperen modukoak zirenez zentzu unibertsalagoa eman nahi izan genion izen hau jarriaz. Azkenik erresonantzia kulturalak ditu izen honek.
A. Saioa arte plastikoetara eta literaturara zuzendua egonak ez al du publikoa nahiko mugatzen?
H.A. Alde batetik orduak badu eraginik, baina bestalde noski hori ez dela arrazoi bakarra, bai hau bai beste era honetako programak hori jasan beharrean aurkitzen dira, kulturaren kontsumoa ez bait da gauza hedatu bat. Beraz ez da programaren zerbait, arloarena baino. Honela plastikaren tratamenduak kezka estetikoa azaldu arazten du gure lanean ere, beti ere honekiko kezka duen jendearen afizioa asetzeko asmotan. Ezinezkoa da kultur programez zaku zabal bat egitea, serioski ihardun behar dugu gustu hauek dituen jendeari begira.
A. Begi bistakoa da bai eszenografia, bai planoak... era honetako detaileak oso zainduta daudela...
H. E. Bai, honek lehen esandakoarekin dauka lotura. Arteaz kezkatuta dagoen pertsona bat ezin da erakarri programa batetara baldin eta planteanendu estetiko bat eskaintzen ez bazaio. Planteamentu horrek berria, ederra, fuertea behar du izan. Autore edo erakusketa bat modu informatibo batetan tratatuko bagenu, seguru asko artezale hori ez litzateke horri begira egongo. Proposamenak kezka estetikotik abiatuta joan behar du beti.
A. Telebista bitarteko egokia al da arte mundu hori isladatzeko?
H.E. Ez, inolaz ere ez. Kontutan izan beti prostituzio bat dagoela, arte obra bat ezin da inoiz erreproduzitu. Bere lekuan, bere kokapenean ikusi behar da. Behin lizentzi hori hartuaz gero uste dut baietz, artezaleak jarrai dezake artelana, hori bai, galera hori kontuan izanaz.
EÑAUT APAOLAZA
69
GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
EgileezAPAOLAZA1Komunikabid